2017ko Goya sariak
Hiru Goya sari irabazi ditu euskal zinemak
eitb.eus
Fernando Velazquezek jatorrizko musika onenaren saria irabazi du, eta Pedro Rivero bilbotarrak zuzendutako 'Psiconautas'i egokitu zaio animaziozko film luze onenarena. Labur onena ere, "Decorado".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Velazquez getxoztarrak eskuratu du jatorrizko musika onenaren 2017ko Goya saria Juan Antonio Bayonak zuzendutako Un monstruo viene a verme pelikulan egindako lanarengatik.
Velazquezekin batera atal berean beste bi euskal hautagai zeuden: Alberto Iglesias (Julieta) eta Pascal Gaigne (El olivo).
Bestalde, Pedro Rivero bilbotarrak Alberto Vazquez galiziarrarekin batera zuzendutako Psiconautas lanari egokitu zaio animaziozko film luze onenaren saria. Zinta horrek ETBren parte-hartzea dauka, baita Teresa eta galtzagorri zintak ere, zeinarekin lehian aritu den Goya hori eskuratzeko.
Horrez gain, Decorado animaziozko film laburrarentzat izan da bere ataleko golardoa, Alberto Vazquezen zuzendaritzapean Uniko bilbotar ekoiztetxeak eginikoa, hain zuzen ere.
'Un monstruo viene a verme', garaile nagusia
Juan Antonio Bayonaren Un munstruo viene a verme izan zen garaile nagusia Goya Sarien 31. edizioan, 12 hautagaitzetatik 9 sari irabazi ostean.
Bayonaren pelikula zen edizio honetako faboritoetako bat, eta honako Goya Sari hauek irabazi zituen: Argazki Onenarena, Makillaje eta Ile-apaintzaile Onenarena, Zuzendari Artistiko Onenarena, Ekoizpen Zuzendari Onenarena, Soinu Onenarena, Muntaia Onenarena, Efektu Berezi Onenena, Musika Onenarena eta Zuzendari Onenarena.
Bestalde, Raul Arevaloren Tarde para la ira filmak 4 garaikur irabazi ditu eta Alberto Rodriguezen El hombre de las mil caras pelikulak, 3 Goya Sari. Biek zituzten 11 hautagaitza.
Arevaloren lehen pelikulak Zuzendari Berri Onenaren eta Pelikula Onenaren Sariak irabazi zituen. Horrez gain, Antzeztaldeko Gizonezko Aktore Onenaren Saria Manolo Sotorentzat izan zen, eta Jatorrizko Gidoi Onenaren garaikurra ere Arevalok berak irabazi zuen, David Pulidorekin batera.
Ondoren, El hombre de las mil caras filmeko Carlos Santosek irabazi zuen Gizonezko Aktore Berri Onenaren Saria; Egokitutako Gidoi Onenaren Saria, berriz, Alberto Rodriguezek eta Rafael Cobosek lortu zuten.
Pedro Almodovarren Julieta lanak zazpi hautagaitza bazituen ere, Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren Saria baino ez zuen irabazi, Emma Suarezek egindako lanagatik. Gainera, Antzeztaldeko Emakumezko Aktore Onenaren Saria ere aktore madrildarrarentzat izan zen, La otra piel ekoizpenagatik.
Azkenik, Rodrigo Sorogoyen Que Dios nos perdone pelikulak sari bakarra irabazi zuen, nahiz eta hautagaitza gehien zituen filmeetako bat izan. Roberto Alamok jaso zuen Gizonezko Aktore Protagonista Onenaren Saria.