14. edizioa
Zinegoak jaialdiak dokumentala bultzatuko du, otsailaren 20tik aurrera
eitb.eus
Bilboko nazioarteko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 14. edizioan, Afrikako edukiek indar berezia izango dute eta Ugandako Queen Kampala jaialdia omenduko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 14. Jaialdiak aurtengo edizioaren aurkezpena egin du gaur, otsailak 7. Ohiko iraupenaren bikoitza izango du jaialdiak aurten, bi astekoa, eta dokumentalek pisu berezia izango dute.
Jaialdiaren lehenengo astean, dokumentalak izango dira protagonista, Bilborocken, eta bigarren astean, ostera, fikziozko lanek hartuko dute lekukoa Golem Alhondigako zinemetan.
João Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarrak 2017ko Zinegoaken Ohorezko Saria jasoko du otsailaren 20an, astelehenarekin, Arriaga Antzokian ospatuko den hasiera-ekitaldian. Biharamunean, "O ornitólogo" bere azken lanaren proiekzioa egingo da, sarrera doakoa dela, Golem Alhondiga zinemetan, FAS zineklubarekin elkarlanean.
Gainera, saria jasoko du Queer Kampala IFF Ugandan antolatzen den LGTB zinema jaialdiak ere, Afrikan antolatzen den mota honetako ekimen bakarrak. Pau Guillen Zinegoaken zuzendariaren aburuz, "ezinbestekoa da jaialdi hau antolatzen duten lana, esfortzua eta ausardia aitortzea. Ohore handia da guretzat Hassan Kamoga zuzendaria Bilbora etortzea eta saria zuzenean ematea". Gaur egun, Ugandan legez kanpokoa da homosexuala izatea.
Kamogaren bisitaren kariaz, Afrikako LGTB mugimenduaren errealitatea ezagutzeko asmoz, hainbat jarduera antolatuko dituzte: Uganda, Kamerun, Hegoafrika, Cabo Verde eta Kenyako lanak ikusi ahalko dira, esaterako, otsailaren 21etik 24ra arte BilbaoArten.
Otsailaren 24an, BBK aretoan, Hassan Kamogari Queer Kampalarentzako saria emango diote.
Zinegoakeko bigarren astean, fikziozko film luze gehienak ez ezik, antzerki emanaldia ere egongo da: "Inundación" Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzitako lana estreinatuko dute martxoaren 3an eta 4an, Magda de Santo argentinarraren zuzendaritzapean.
Urtero bezala, film laburrik ere ez da faltako, eta Zinegoak 30 herri baino gehiagotara helduko da martxoan.