Zinema Dokumentalaren Jaialdia
'The Host' lanak irabazi du Punto de Vista jaialdiko sari nagusia
Agen
Miranda Pennell zuzendariaren lanak poltsikoratu du Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak emandako 10.000 euroko saria.
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak Miranda Pennell zuzendariaren The Host lanari eman dio pelikula onenaren saria, 10.000 euro banatzen dituena. Epaimahaiak "esparru pertsonaletik politikora doan ibilbide zinematografikoa marrazteko ahalmenagatik eta gaur egun oraindik bizirik dirauen istorio kolonial batean sakontzegatik" eman dio saria. "Doitasun formalagatik eta artxiboko materialaren erabilerarengatik, zinema garaikidean bultzada garrantzitsu bat irudikatzen du".
Zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), berriz, Eric Pauwels belgikarraren La deuxiéme nuit zintak eskuratu du, "hainbat material eta estilo landu eta batasuna emateagatik".
Bere aldetik, Ismaïl Bahri-ren Foyer nagusitu da film labur onenaren atalean "elegantea delako bere soiltasunean eta baliabideen ekonomian, bere minimalismoak keinu egiten die garrantzia handiko gai geopolitikoei eta baita zinemak duen ahalmen sozialari ere".
Sari bereziak
Ikusleen saria pelikula onenari (1.500 euro): Converso, David Arratibel.
Gazteen saria pelikula onenari (1.500 euro): 5 October, Martin Kollar.
Azkenik, Maria Cañasek erdietsi du X films proiektuari dagokion saria, "egungo ikus-entzunezko hizkuntzen adierazpen-prozedurak antzeman eta entsegu zinematografikora eramateko ahalmenarengatik".