Asteko estreinaldiak
Freddy Krueger psikopata eta Toy Storyko jostailuak, zinema-aretoetan
Erredakzioa
Jertse marradunaren hiltzailearen bertsio berria, Woody eta Buzz Lightyear dibertigarriak, eta nerabeak eta sexua dira aste honetako protagonistak ostiraleko karteleran.
Toy Storyren hirugarren filmea estreinekoz heldu zaigu asteazken honetan zinema-aretoetara. Hiru dimentsiotako formatoan estreinatu da. Pelikula berri honetan, Disneyren eta Pixarren jostailu dibertigarrienak bakarrik geratuko dira, Andy unibertsitatera doalako. Honen ondorioz, Buddy Lightyear eta Woody cowboya buru, jostailuek ihesbideari ekingo diote. Pertsonai berriak izango ditugu hirugarren zinta honetan: tartean, Trixie dinosauroa, Twitch intsektua eta Ken, Barbieren mutil-laguna.
Asteko beldurrezko dosia Freddy Kruegeren Pesadilla en Elm Street (El Origen) filmearen eskutik datorkigu. Quentin Smith eta Kris Fowles ditu protagonista eta baita Jackie Earle Haley aktoreak Freddy Krueger maltzurraren paperean. Samuel Beyerrek zuzenduta, Wes Cravenek sortutako pertsonai beldurgarrienetarikoa bueltan dugu biktima berria sortzeko asmoz.
Andrea Ros, Lydia Fairen, Lorena Mateo, David Castillo eta Maxi Iglesias telebistako aktoreak biltzen dituen komedia da El diario de Carlota. Jose Manuel Carrascoren zuzendaritzapean, Carlota izeneko 16 urteko nerabearen istorioa du mintzagai. Sexuaren inguruko esperientziak egunero koaderno batean islatzea erabakiko du Carlotak.
Jared Leto dugu Las posibles vidas de Mr Nobody filmearen protagonista. Bere bizitza osoan zehar aukera desberdinen artean erabakitzera behartua ikusiko du bere burua protagonistak, baita nor maitatu erabakitzera ere. Jaco Van Dormael Belgikako zinemagileak ipuin moderno hau zuzendu du, emozioak adierazteko teknologia eta ikuste-efektuak erabili dituena.
Pequeña Miss Sunshine zintaren ekoizle berdinek zinema-aretoetara ekarri digute drama eta komedia uztartzen dituen Sunshine Cleaning pelikula. Aktore zerrendan Amy Adams, Emily Blunt, Alan Arkin eta Steve Zahn aurki ditzakegu. Zorrak kitatzeko asmoz, negozio bitxi batean inbertitzea erabaki du Rose Lorkowskik: hilketa bortitzak izan diren eszenatokiak garbitzea.