Martxoak 31 – Apirilak 7
30 film luze eta 24 labur, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian
eitb.eus
Deepa Mehta indiar jatorriko zuzendariak, "Fire", "Earth" eta "Water" filmek osatzen duten trilogiaren egileak, jasoko du saria, sei erakusketa ikusgai jarriko dituen jaialdian.
"Clash" (2016) Mohamed Diabek zuzendutako film egiptoarrak emango dio hasiera, martxoaren 31n, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiari, eta “Slava” Kristina Grozevaren eta Petar Valchanoven film bulgariarrak itxiko du.
Tartean, 30 film luze, 24 labur eta sei erakusketa eskainiko ditu jaialdiak guztira, eta Deep Mehta indiar zuzendariak jasoko du aurtengo sari nagusia. Gainera, hitzaldiak eta 4.500 ikaslerentzako proiekzioak ere egongo dira, baita doako emanaldiak ere, hiriko kultur etxeetan. Josemi Beltran zuzendariak azaldu duenez, “herritarren artean giza eskubideen urraketen inguruan hausnarketa, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea” da jaialdiaren helburua, eta horretarako erabiltzen ditu kultura adierazpenak.
Jaialdian, besteak beste, “Ama, nora goaz?” Gerra Zibilaren garaian etxetik bota zituzten gipuzkoar emakumeen inguruko filma emango dute, baita “Jackson” (Maisie Crow) emakume afroamerikarrek abortuaren inguruan zuten jarrera erakusten duen lana eta “Life, animated” ere, Oscarretan izendatuta egon zen eta autismoa jorratzen duen dokumentala.
Bestalde, erakusketa hauek prestatu ditu zinemaldiak: “Emeek emana”, Aiete Kultur Etxean; “Giza eskubideen aldeko tira”, Aiete Parke Kulturalean; “Kolonbia, bake iheskorra”, Udal Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder); “Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XIII. Ekitaldia”, Zinemaldiaren Informazio Bulegoan (Victoria Eugenia Antzokia); “Cuban Muslims, Tropical Faith”, FNAC saltokian; eta “Waste Lands. Lur suntsituak”, San Telmo Museoan.
Sarrerak ostiralean, hilak 24, jarriko dituzte salgai, Interneten eta Victoria Eugenian. 22 euro ordainduta, antzoki horretan emango dituzten film guztietarako bonua erosi ahalko da, eta saio bakoitzerako sarrera 4,5 euroan egongo da salgai.