Itxi

Jaialdia

Euskal zinemak hainbat sari jaso ditu Malagan

eitb.eus

Leer en Castellano

Andaluziako hiriko zinema jaialdian, saria jaso dute Pascal Gaignek, David Arratibelek, Lander Camarerok, “Gure hormek” Las Chicas de Pasaiken lanak eta “Fifty ruppes only” Nagore Eceizaren filmak.

"Gure hormek" lanak film labur dokumental onenaren saria irabazi du

Malagako zinema jaialdiaren hogeigarren edizioak euskal zinemaren hainbat ordezkari saritu ditu asteburu honetan: Pascal Gaigne (musikarik onena, “Plan de fuga”gatik), “Gure hormek” Las Chicas de Pasaiken filma (film labur dokumental onena), David Arratibel (film laburren zuzendari onena, “Converso”gatik), Lander Camarero (fikziozko film labur baten zuzendari onena, “Nuestro viejo (y el mar)” pelikulagatik) eta “Fifty rupees only” Nagore Eceizaren filma (emakumeen eskubideak berresten dituen film labur dokumental onenaren saria).

Pascal Gaignek (“Loreak”, “Aundiya”, “El olivo”, Zergatik Panpox”…) musika onenaren saria irabazi du, film luzeen sail ofizialean, “Plan de fuga” Iñaki Dorronsoro gasteiztarraren filmean egin duen lanagatik. Apirilaren 28an estreinatuko dute akziozko film hori.

Film laburren sailean, Cecilia Barrionuevok, Fernando Vilchezek eta Lola Mayok osatutako epaimahaiaren iritziz, David Arratibel ("Converso") izan da zuzendari onena, eta horregatik irabazi du dagokion Zilarrezko Biznaga.

Gainera, film labur dokumental onenaren saria, 3.000 euroko ekarpena duena, “Gure hormek” Las Chicas de Pasaik bikoteak (Maria Elorza eta Maider Fernandez) eginiko filmarentzat izan da, epaimahaikideen hitzetan, “leuntasunez eta gizatasunez, emakumezkoen bizi unibertso baten loturak islatzeagatik, tradiziotik abiatu eta arlorik intimoenera helduta”.

Fikziozko film laburren sailean, Zilarrezko Biznaga Lander Camarerok lortu du, “Nuestro viejo (y el mar)” lanagatik.

Bestalde, Emakume Zinema Eszenan arloko saria “Fifty rupees only” Nagore Eceizaren lanarentzat izan da.

Film luzerik onenak

Malagako zinemaldiaren hogeigarren edizioko film luzeen sail ofizialean, “Verano 1993” Carla Simonen pelikulak irabazi du espainiar film onenaren saria, eta “Últimos días en La Habana” Fernando Perezenak, film iberoamerikar onenarena.