Itxi

Asteko estreinaldiak

DiCaprioren 'Origen', eta fantasiazko 'Airbender', karteleran nagusi

Erredakzioa

Gainera, 'Zombis Nazis' odoltsua, 'Repo Men', Jude Law eta Forest Whitaker aktoreekin, eta Soderbergh zuzendariaren 'The Girldfriend experience' dira aste honetako estreinaldi nabarmenenak.

Leonardo DiCaprioren azken lana heldu zaigu aste honetan zinema-aretoetara. Origen izenburukoa, El caballero oscuro zuzendu zuen Christopher Nolan zinemagilearen eskutik datorkigu. Hipotesi kezkagarri bat planteiatzen du filmak: Cobb adimenen manipulazioan aditua den pertsonaia da DiCaprio. Bere emazte hildakoaren oroipena burutik kendu ezin duen bitartean, interes ekonomikorako erabiliko dute bere gaitasun berezia.

3D formatean heldu zaigu Airbender, el último guerrero, M. Night Shyamalanek zuzendutako azken filma. Noah Ringer eta Dev Patel ditu protagonista. Mundu fantastiko batean girotuta, unibertsoa salbatzeko azken itxaropena izango da Aang gaztea.

Norvegiako Tommy Wirkola zuzendariaren eskutik datorkigu Zombis Nazis zinta. Beldurrezko film odoltsua eta dibertigarria da. Norvegiako fiordoetan dago lagun talde bat, bertan oporrak igarotzeko asmoz. 1945. urtetik mendietan bizi diren nazi zombi talde bat bilduko zaie.

Zinema gaurkotasunara itzuli dira Jude Law eta Forest Whitaker aktoreak Repo Men filmari esker. Etorkizunean girotutako thriller honek organo artifizialen mundua du mintzagai. Enpresa pribatu batek ekoiztuta, gaixoen bizitza luzatu ditzakete organo hauek. Hori bai, faktura ordaintzeko dirurik ez badute, organoa itzuli behar izango dute eta Repo Men gizonen ardura izango da hura.

Steven Soderbergh zinemagile ospetsuak zuzendu du prostituzioaren inguruko The Girldfriend Experience zinta. 2008. urteko presidentea aukeratzeko hauteskundeak hasi baino aste batzuk lehenago kokatzen da argumentua. Sasha Grey pornoaren izarra du protagonista.

Asiako zinemaren ordezkaria Los dos caballos de Genghis Khan filmea dugu. Byambasuren Davaak zuzenduta, Mongoliara eramango du ikuslea, Urna abeslariaren itzulera kontazeko. Sustraien bilakaera eta agindutakoaren indarra ditu ardatz.

Bideoak (3)