Zinema Euskaraz
'Ardiak eta otsoak' euskaraz estreinatuko dute ostiralean zinema aretoetan
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzaren 5 honetatik aurrera, sei zinema aretotan ikusi ahalko da errusiar filma euskarara bikoiztuta.
Zinema Euskaraz Zineuskadi plataformak sustatzen duen programari esker, "Ardiak eta otsoak" filma euskaraz estreinatuko da zinema aretoetan ostiralean, maiatzaren 5ean. Hain zuzen, Bilbon (Multicines), Errenterian (Niessen), Donostian (Antiguo Berri) eta Gasteizen (Florida) estreinatuko da euskaraz filma, eta Beasainen (maiatzak 13 eta 14) eta Zornotzan (maiatzak 25) ere ikusteko aukera izango da geroago.
Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, "Ardiak eta otsoak" urruneko lurralde magiko bateko otsoen kanpalekuan kokatzen da. Otso taldeko buru izateko bi otsoren arteko borroka kontatzen du: alde batetik, Ragaer anker eta indartsua, eta, bestetik, hari aurre egiten saiatuko den Gris izenekoa.
Borrokaz haratago, maitasun eta magia kontuak tartekatzen dira istorioan zehar; adibidez, zer gertatuko litzateke otso bat bere kobazuloan dagoela ardi bihurtuko balitz? Erantzunak "Ardiak eta otsoak" pelikulan aurkituko dituzte ikusleek.