Itxi

EAB

Euskal Aktoreen Batasuna, 'kezkatuta eta haserre' boikoten aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EABk haserrea erakutsi du "adierazpen askatasunaren eskubidean oinarrituta beren eremu pribatuan adierazpen edo parte-hartze konkreturen bat egin duten aktoreen" aurkako kanpainak direla eta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAB Euskal Aktoreen Batasunak haserrea eta kezka agertu ditu gaur ohar batean, "beren eremu pribatuan adierazpen edo ekimen konkreturen bat egin duten interpreteen" parte-hartzea duten hainbat ekoizpenen aurka sare sozialetan sustatutako boikot kanpainen aurrean.

Aktoreen sindikatuaren salaketaren atzean La casa de papel Antena 3 kateak joan den astean estreinatu zuen telesailaren aurka sare sozialetako erabiltzaile batzuek egindako kanpaina dago, besteak beste. Hain zuzen, telesail horren aurka egin zuten Itziar Ituño bizkaitar aktoreak bertan parte hartzen duelako eta euskal presoen dispertsioaren aurka agertu delako berori jendaurrean.

Halaber, martxoan El guardián invisible pelikularen aurka ere egin zuten sare sozialetan, Miren Gaztañaga aktoreak parte hartzen baitu bertan. Hain zuzen, aktore hori “Euskalduna naiz, eta zu?” ETBren umorezko saioan agertu zen lehenago, espainiarren gaineko estereotipoen inguruan hizketan.

Sindikatuak aktoreok babestu ditu, eta, erantsi duenez, "salatu egingo dugu, beren pentsatzeko askatasuna erabiliz, legearen barruan dauden edozein ekimen sozial, politiko edo kulturaletan parte hartu, edota berauek babesteagatik jasan ditzaketen edozein eraso".

Aktore elkargoa kezkatuta agertu da sare sozialetako "kanpaina hauek eta beroriek komunikabideetan hartu duten oihartzun tamalgarriak gure afiliatuengan eragin ditzakeen ondorio profesionalekin, dagoeneko izan ez baditu, ideologia edo jatorriaren arabera antzezle bat edo beste kontratatu behar bada".

Euskal sindikatuaren oharrari hauek batu zaizkio: Aktoreen Batasuna, Valentziako, Aragoiko, Gaztela eta Leongo, Murtziako, Galiziako eta Kataluniako interpreteen elkarteak, Espainiako artista sindikatuen batasuna eta Arte Eszenikoetako Teknikarien Elkarte Profesionala.

Albisteak (1)

Bideoak (1)