Itxi

Zinema jaialdia

'Seoul Station' animaziozko film hegokorearra garaile, Fant jaialdian

eitb.eus

Leer en Castellano

Yeon Sang-ho hegokorear zinemagilearen film luzeak jasoko du Bilboko Zinemaldi Fantastikoko lan onenaren saria. Gaur, maiatzak 12, iluntzean egingo dute sariak emateko gala, Bilboko BBK Aretoan.

Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXIII. edizioko epaimahaiak Seoul Station Yeon Sang-ho zinemagilearen film luze hegokorearrari eman dio film onenaren Fant 2017 saria, “animazioaren estereotipoetatik irteteagatik eta pertsonaiak erabat gizatiar bilakatzeagatik”.

Film laburren atalean, epaimahaiak La Voce David Uloth kanadar lanari eman dio film labur onenaren saria, eta Bestealdetik Mar González Ruiz de Larramendiren  fikziozko lanari, euskal film labur onenarena, “proposamen estetikoan hartutako arriskuagatik”.

Ikus-entzuleen iritziz, film labur onena The App Julián Merinoren 16 minutuko fikzioa izan da.

Zinemaldiaren edizio honetan, diru saririk gabeko ohorezko bi sari banatuko dizkiete Panorama Fantastikoa ataleko generoko film luze onenari (A Floresta Das Almas Perdidas) eta film labur onenari (Einstein Rosen).

Gaur, maiatzak 12, 20:00etan banatuko dituzte sariak, Bilboko BBK Aretoan. Gainera, Pedro Rivero zinegile bilbotarrari Ohorezko FANT sari berria emango diote, eta FANTastikoaren Izarra generoaren barruan egindako ibilbide osoaren omenezko goraipamena, Barbara Crampton antzezle estatubatuarrari.