Film Laburrak
Kimuak egitasmoaren katalogo berria aurkeztu dute
Erredakzioa
Blanca Urgell, Kultura Sailburua, Mikel Arregi, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Txema Muñozek, KIMUAKeko koordinatzaileak, parte hartu dute Bilboko prentsaurrekoan.
Blanca Urgell, Kultura Sailburua, Mikel Arregi, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Txema Muñoz, KIMUAKeko koordinatzailea, izan dira Bilboko alondegian egin den ekitaldian.Hauekin batera, Asier Altuna, Artalde filmaren zuzendaria; Angel Aldarondo, Ondar ahoak filmaren zuzendaria; Imanol Gómez de Segura, Khorosho (Todo bien) filmaren produktorea eta Quique García, Daisy Cutter-en zuzendaria ere egon dira.
Katalogo berria osatzeko aurkeztutako 76 film laburretatik bederatzi lan hauek aukeratu dituzte Kimuak programaren katalogo berrirako: Artalde (Asier Altuna), La Gran Carrera (Kote Camacho), Daisy Cutter (Enrique Garcia eta Ruben Salazar), Exhibition 19 (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe), Khorosho (Miguel Angel Jimenez), Ondar ahoak (Angel Aldarondo), Amar (Isabel Herguera), El Premio (Elias Leon Siminiani) eta Un novio de mierda (Borja Cobeaga).
Jose Luis Cienfuegosek (Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdia), Joxean Fernandezek (Nanteseko Espainiako Zinemaren Jaialdia), Victoria Fernandez Andrinok (Andaluziako Juntako Ikus-entzunezkoen Saila), Lucia Olacireguik (Donostiako Zinemaldia) eta Edurne Ormazabalek (eitb.com-eko zuzendaria) osatu dute aurten epaimahaia.
Aurten, epaimahaiak deialdira aurkeztu ziren 76 film laburretatik bederatzi aukeratzea erabaki zuen, aurreko katalogoetan baino bat gehiago. EAEn egindako ekoizpenen kalitatea gero eta handiagoa denaren seinale da hori. Gainera, epaimahaiak azaldu duenez, aukeratu ez dituzten film laburretako batzuk ere Kimuak katalogoko parte izateko nahikoa maila zuten.
2010eko Kimuak katalogoan nabarmentzekoa da animazioaren itzulera. Tarte esanguratsua izango du aipaturiko generoak, animazioko hiru ale biltzen baititu katalogoak. Bestalde, dokumentalik ez da sartu aurten aukeratuen zerrendan. Aukeraketaren inguruan, halaber, ezohiko hizkuntza eta kontatzeko moduen alde egindako apustua nabarmendu behar da. Izan ere, kontaerari erreparatuz gero, film labur bakar bati iritzi ahal zaiolako "ohikoa". Bestalde, lehen aldiz izango da Kimuak katalogoan irudi errealak baliatuta errodatutako film erabat esperimentala. Gainera, aukeratutako bi film labur euskaraz filmatuta daude.
Urtero bezala, film laburrak pasa den Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu ziren, irailean, eta ondoren, hortik aurrera hemengo eta nazioarteko zinemaldietan egingo dute ibilbidea.
1998an sortua, Eusko Jaurlaritzaren programa hau Kultura Sailaren eta hainbat elkarteren lankidetzari eta lanari esker garatu da. KIMUAKen helburua Euskadin produzitutako film laburrak bultzatzea eta hedatzea da. 2005eko edizioaz geroztik, programa hori Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen du.