Itxi

GOYA SARIAK

'Handia' filmak Goya sarietarako 13 izendapen lortu ditu

eitb.eus

Leer en Castellano

Pablo Berger zuzendari bilbotarraren 'Abracadabra' filma 8 ataletan izendatu dute eta Juanba Berasategiren 'Nur eta herenseguaren tenplua' animaziozko lanak film onenaren hautagaitza eskuratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aitor Arregik eta Jon Garañok Altzoko Handiaren bizitza oinarri hartuta egin duten Handia filmak 13 izendapen eskuratu ditu 2018ko Goya sarietarako, Espainiako Zinema Akademiak gaur goizean iragarri duenez. Handia ez da Goya sarietan lehiatuko den euskal lan bakarra izango. Pablo Berger zuzendari bilbotarraren Abracadabra filma 8 ataletan izendatu dute eta Juanba Berasategiren Nur eta herensegearen tenplua animaziozko lana, berriz, film onenaren saria jasotzeko hautagai izendatu dute. Fikzio lanak alde batera utzita, Felix Viscarret zuzendari iruindarraren Saura(s) lana dokumental onenaren kategorian aukeratu dute. Azkenik, Alberto Iglesias konpositore donostiarrak jatorrizko musika onenaren Goya sarietarako izendapena lortu du La cordillera filmerako egindako lanagatik.

Barbara Lennie eta David Verdaguer aktoreek jakinarazi dituzte 2018ko Goya sarietarako hautagaien izenak. Otsailaren 3an banatuko dituzte Goya sariak Madrilgo Marriott Auditorium hotelean.

Handia, besteak beste, film onenaren, zuzendari onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak irabazteko hautagaietako bat da. Gainera, Altzoko erraldoia hezurmamitu duen Eneko Sagardoy aktorea gizonezko aktore onenaren sarirako izendatu dute. Filmak EiTBren parte-hartzea du.

Guztira 13 hautagaitza eskuratu ditu Handia filmak atal hauetako Goya saria jasotzeko:

-Film onena

-Zuzendari onena

-Jatorrizko gidoi onena

-Gizonezko aktore berri onena (Eneko Sagardoy)

-Argazki zuzendaritza onena

-Produkzio zuzendaritza onena

-Musika onena

-Editatze onena

-Soinu onena

-Zuzendaritza artistiko onena

-Jantzi diseinu onena

-Makillaje eta ile-apainketa onenak

-Efektu berezi onenak

Kritikaren eta publikoaren onespena jaso duen Handia filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen 2017ko Donostiako Zinemaldian.

 

 

 

Abracadabra filmak zortzi izendapen lortu ditu

Pablo Berger zinemagile bilbotarrak zuzendariko Abracadabra filmak 2018ko Goya sarietarako 8 izendapen lortu ditu; tartean, jatorrizko gidoi onenarena, emakumezko aktore onenarena (Maribel Verdu) eta gizonezko aktore onenarena (Antonio De la Torre).

Pablo Berger, ETBri eskainitako elkarrizketa batean.

Guztira, zortzi sailetan izendatu dute:

-Jatorrizko gidoi onena

-Emakumezko aktore protagonista onena (Maribel Verdu)

-Gizonezko aktore protagonista onena (Antonio De la Torre)

-Antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Jose Mota)

-Editatze onena

-Zuzendaritza artistiko onena

-Jantzi diseinu onena

-Makillaje eta ile-apainketa onenak

Nur eta herensugearen tenplua, animaziozko film onenaren sarirako izendatua

Juanba Berasategi zenaren azken filma, Nur eta herensugearen tenplua, animaziozko film onena jasotzeko hautagai izendatu dute. Handia lanaren kasuan bezala, EiTBren parte-hartzea duen filma da. Toti Martinez de Lezea idazlearen ipuin batean oinarrituta dago, Eneko Olasagastiren gidoia du, eta Joserra Senperenaren musika.

 

 

Saura(s) dokumentala, Dokumental onenaren Goya saria irabazteko hautagaia

Felix Viscarret zinegile iruindarraren Saura(s) lana Dokumental onenaren Goya saria irabazteko lehian izango da Cantabrico, los dominios del oso pardo, Dancing Beethoven eta Muchos hijos, un mono y un castillorekin batera.

Alberto Iglesias donostiarra, jatorrizko musika onenaren Goya sariaren lehian

Alberto Iglesias konpositore donostiarra jatorrizko musika onenaren Goya saria irabazteko hautagaietako bat da, Santiago Mitre zinegilearen La cordillera filmerako egindako musikarengatik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)