Arrakastak ez du mugarik
'80 egunean' filma Tudelan eta Hanburgon saritu dute
Erredakzioa
Datozen hilabeteotan nazioarteko hainbat zinemalditan hartuko du parte, tartean Kairo, New York, Washington, Nantes eta Jakarta hirietan.
Tudelakoa ez da filmak azken egunotan eskuratu duen sari bakarra, ordea. Berriki Hamburgo Queer Film Festival jaialdiko ''Globala'' publikoaren saria ere eman diote.
Sariak sari, 80 egunean lanak ez du nazioarte mailako ibilbidea bukatu. Datozen hilabeteotan, Kairo, New York, Washington, Nantes eta Jakarta hirietan izango da ikusgai, bertako zinema jaialdietan. Hauexek dira pelikulak atzerrian dituen hitzorduak:
New York Film Festival (''Spanish cinema now'')Washington DC International Film Festival
Cleveland IFF
Alcine, Alcala de Henareseko zinema jaialdia (Madril)
Festival du cinéma espagnol de Nantes (Frantzia)
Festival International du Film d''Arras (Frantzia)
Jakarta International Film Festival (Indonesia)
Chennai International Film Festival (India)
Nazioarteko mailako arrakasta ez da berria 80 egunean pelikulako zuzendarientzat. Uztailean Karlovy Vary Txekiako zinemaldian hartu zuten parte, eta abuztuan, aldiz, Montrealgo Zinemaldian izan zen lana ikusgai, ''Focus on the World'' sailean. Irailean Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalean izan genuen 80 egunean, eta joan den hilean London Film Festival jaialdian ere hartu zuen parte.
Bi emakumeren istorioan oinarritzen da 80 egunean; Axun (Itziar Aizpuru), 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezustekoan, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina, 50 urte luzetan ikusi ez duena. Gaztetan zuten kimika oraindik bizirik dagoela sumatuko dute berehala. Axolagabe gozatu eta dibertitzen dira elkarrekin, Axun Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduei aurre egin beharko die Axunek: zer jarraitu, burua edo bihotza?
Joan den maiatzaren 21ean estreinatu zuten 80 egunean. Irusoin eta Moriarti etxeek ekoiztu dute, eta ETBren partaidetza izan du.