Goya sariak
'Handia'ren ibilbide erraldoia
eitb.eus
Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filma 13 ataletan dago izendatuta Goya sarietan. Larunbatean, hilak 3, banatuko dituzte, Madrilen, Espainiako Zinema Akademiaren sariak.
“Handia”k gidatuko du euskal zinemaren ordezkaritza larunbatean, 22:00etan hasita, Madrilen banatuko dituzten Goya sarien galan. Migel Joakin Eleizegiren bizitzan oinarritutako filma, ETBren parte-hartzea duena, 13 ataletan dago izendatuta.
100 urte baino gehiago atzera egiteko eta erraldoi bat irudikatzeko, alde teknikoan lan eskerga egin dute Moriarti ekoiztetxekoek lan honetan, jakina, eta Espainiako Zinema Akademiako kideek ahalegin hori aitortu dute. Atal tekniko gehienetan izendatuta dago “Handia”: ekoizpen zuzendaritza (Ander Sistiaga), argazkilaritza zuzendaritza (Javier Agirre), editatzea (Laurent Dufreche eta Raul Lopez), jantzien diseinua (Saioa Lara), makillajea eta ile-apainketa (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Aguirre), soinua (Iñaki Diez eta Xanti Salvador) eta efektu bereziak (David Heras eta Jon Serrano).
Itxurak eta teknikak huts-hutsik, baina, ez dute pelikula bat eraikitzen, eta mamia saritzen duten ataletan ere ageri da “Handia” izendatuen artean: film onena, zuzendaritza onena (Aitor Arregi eta Jon Garaño), jatorrizko gidoi onena (Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) eta musika onena (Pascal Gaigne).
Bestalde, mami hori pantailaratzeko erantzukizuna izan dutenetako batzuk ere badira Goya irabazteko hautagai, hala nola Eneko Sagardoy gizonezko aktore berri onenaren atalean eta Mikel Serrano zuzendaritza artistikoaren sailean.
Euskal hautagai gehiago
Inoiz gehien ikusi den euskarazko filmaz haraindi, nolanahi den, beste euskal film eta profesional batzuk ere ageri dira Goya sarietarako izendatuen artean. “Abracadabra” Pablo Berger bilbotarrak zuzendutako filma zortzi sailetan da hautagai; besteak beste, jatorrizko gidoi onenarenean, Bergerren beraren lanari esker.
Goya sarietako klasiko bat, Alberto Iglesias bere apaletan dagoeneko Goyaren hamar buru bildu dituen donostiar musikaria, ere izendatuen zerrendan ageri da, “La cordillera” filmerako egindako lanari esker.
David Heras arrasatearra, “Handia”n egindako lanagatik ez ezik, Raul Romanillosekin batera “Verónica” filmerako prestatu zituen efektu bereziengatik ere izendatu dute, eta Felix Viscarret iruindarra “Saura(s)” film dokumentalagatik.
Azkenik, “Nur eta herensugearen tenplua” Toti Martinez de Lezearen izen bereko nobelan oinarrituta Juanba Berasategi euskal animazioaren aitzindariak eginiko azken lana ere hartu dute aintzat Akademiako kideek, eta hautagaien artean izango da larunbatean.