Itxi

Garcia Berlanga zendu da

Zinema eta kultura munduak behin betiko agurra eman dio Berlangari

Erredakzioa

Hil-kapera goizean berriro ireki dute eta bertan izan dira kultura eta politika munduko hainbat pertsona ospetsu. 15:00etan, Berlanga Pozuelo de Alarconen hobiratu dute.

Luis Garcia Berlanga zinemagileari azken agurra eman diote senitartekoek, lagunek eta lankideek, baita hil-kaperara hurbildu diren hainbat eta hainbat herritar anonimok ere.

Euria izan arren, herritar batzuk Zinemagintzaren akademian izan dira 10:00ak baino lehen atea noiz irekiko zain. Bertan, zinemagile valentziarraren hilkutxa arrosa zuriz egindako koroa handi baten ondoan izan da, aretoan bere pelikulen irudiak proiektatu eta bere miresleek bi liburutan komentarioak idazten zituzten bitartean.

El Verdugo filmeko zuzendariaren seme zaharrena izan da pertsona ospetsuei eta lankideei harrera egiten arduraduna. Zine munduko lankideen artean Pedro Almodovar zuzendaria izan da. "Zinea beste hizkuntza batean egin izan balu, gaur mundu osoa bere hilkutxaren aurrean makurtuko litzateke", esan du Almodovarrek; Berlangaren heriotzak "umezurtz" utzi duela gaineratuta.

Pozueloko hilerrian hobiratu dute

Goizean zehar, eta familiari doluminak emateko asmoz, lagun eta lankide asko pasa dira hil-kaperatik, baita politika munduko ordezkari asko ere.

Luis Garcia Berlangaren hilotza Madrileko Pozuelo de Alarcon udalerriko hilerrira eraman dituzte 14:30ak aldera, hil-kaperan bildu diren guztien txaloen artean.

Albisteak (2)