Martxoak 5-10
Punto de Vista jaialdiak Jose Antonio Sistiaga zinemagilea omenduko du
Agentziak | Erredakzioa
Martxoaren 5etik 10era Iruñean egingo duten jaialdiak abangoardiako euskal artearen aitzindarietako baten lana erakutsiko du.
Punto de Vista zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdiak Jose Antonio Sistiaga zinemagilea omenduko du Iruñean, martxoaren 5etik 10era, baina hori baino gehiago ere eskainiko du: 68ko iraultzen 50. urteurrena gogora ekarriko du, “Korrespondentziak” sailean garai guztietako zinemagileak batuko ditu, Trinh T Minh-ha vietnamdar zinemagileari begiratuko dio eta P. Adams Sitney zinema historialari estatubatuarraren mintegi bat eskainiko du.
Fernando Perez Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusiak aurtengo edizioaren berrikuntza batzuk aletu ditu: zuzendaritza artistiko berria, Dokbizia errealitatea lantzen duten artista eta mintzairak jorratuko dituen sail berria, Paisaia euskal zinemaren zikloa, umeentzako hezkuntza espazio eta programazioa eta X Films proiektua zabaldu izana.
Bestalde, Garbiñe Ortega zuzendari artistiko berriak azaldu du jaialdia espazio berri askotara zabalduko dela Baluarteko egoitzatik, hala nola Planetariora, Nafarroako Filmotekara, Gayarre antzokita, Ziudadelako Arma aretora eta Huarte zentrora, eta iragarri du “Hasta mañana, si Dios quiere” Ainara Vera nafar zuzendari gaztearen film berriak zabalduko duela jaialdia.
Jose Antonio Sistiaga
Punto de Vistak Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagilea, abangoardiako euskal artearen erreferente nagusietakoa, omenduko du aurten, baita Brakhage, berak bezala eskuz margotutako zinema egin zuen estatubatuar artista, ere.
Horretarako, ‘Sistiaga-Brakhage’ topaketa prestatu dute, eta bertan 'Impresiones en alta atmósfera' eta 'Paisaje inquietante nocturno' euskal artistaren lanak eta estatubatuarrak 40 urtean sortutako filmetako bederatzi ale programatuko dituzte, P. Adams Sitney historialari eta Brakhageren lanean aditua eta Jose Antonio Sistiaga bera bertan daudela.
Sistiaga aitzindaria izan zen zinema “kamerarik gabe, zeluloidea fotogramaz fotograma eskuz margotzen”. Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxearekin batera Gaur talde historikoa sortu zuen, eta 'ERE ERERA BALEIBU IZIK SUBUA ARUAREN' sortu zuen, musikarik gabe zuzenean zeluloidearen gainean margotutako inoizko lehen filmetako bat. Sistiagak bi urtez margotu zituen pelikula metro asko, eta lan koloretsu, argi eta dinamikoa sortu zuen.