Itxi

Urtarrilaren 30era arte

Akira Kurosawa maisuarekin zita, AlhóndigaBilbaon

Erredakzioa

Zuzendari japoniar handiaren storyboardak ikus ahal ditugu. Gainera, asiar zinemaren ziklo bat eta umeei zuzendutako kultura japoniarrari buruzko tailer bat, besteak beste, eskainiko dute.

Akira Kurosawa zinearen maisu japoniarrari ziklo berezia eskaintzen dio, 2011ko urtarrilaren 30era arte, AlhóndigaBilbaok. Samuraiaren begirada izenburupean, Kagemusha, gerlariaren itzala, Akira Kurosawaren ametsak eta Rapsodia abuztuan, besteak beste, filmeetarako Kurosawak egindako marrazkiak ditu ikusgai.

Storyboardekin batera, ekoizpen hauen zatiak daude bertan ikusgai, baita Ran pelikulan erabilitako arropa ikusgarria ere. Era berean, filmeen 25 kartel orijinal ikusi ahal dira.

Ekitaldiz beterik egitaraua

Azaroaren 17an izango den mahai-inguru batean aztergai izango dute Kurosawa pertsonaia. Bertan, zine japoniarraren aditu batzuk bere zinemaren gaurkotasunari buruz eztabaidatuko dute. Abenduaren 2an, Isabel Coixet zuzendaria maisu handi honen filmografiari buruz arituko da.

Umeei bereziki zuzendutako kultura japoniarrari buruzko ikastaroa prestatu du egitarauak. Asuka Kabota musikariaren eskutik, Japoniako abestiak, besteak beste, ikasiko dituzte umeek. Gainera, manga eta egungo animeren zaleek Laura Montero Platak eskainitako tailer batean parte hartu ahal izango dute. Bertan Asiako zinea aztertuko dute.

Abenduaren 18tik urtarrilaren 30a bitartean, Akira Kurosawaren filmografia birpasatuko duen zine ziklo bat hartuko dute AlhóndigaBilbaoko Golem Zinema-Aretoek. Bertan, Eskandalua, Kagemusha, gerlariaren itzala eta Akira Kurosawaren ametsak. Asiako zinemarekin erlazionatutako beste filmeak ere proiektatuko dituzte, hala nola, Hayao Miyazakiren Porco Rosso eta Jim Jarmuschek zuzendutako Ghost dog, samuraiaren bidea.

Hurbileko pertsonaiak

Jatorri samuraia zuen familia batean jaio zen Kurosawa 1910. urtean. Gaztetxoa zenetik bere hiru pasioak uztartu zituen: literatura, zinema eta margolaritza. Zinemagintza unibertsalaren historian ezinbestekoak bihurtu diren filmeak grabatu zituen maisuak. Zalantzaz eta pasioz beteriko pertsonaiek itxaropen eta kontraesan ugariko mundu bat islatzen dute. Horrela, Martin Scorsese, Steven Spielberg, George Lucas eta Takeshi Kitano bezalako zinemagile ospetsuak bere pelikuletan oinarritu dira.

Japoniako zinemaren ''Enperadorearen'' jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugu aurten eta honen harira datozte ekitaldi hauek. Erakusketa hau zabalik egongo da 2011ko urtarrilaren 30a arte.

Erakusterako eta filmeen emanaldietarako sarrerak 2 eta 4 euro bitartean daude salgai (merkeago hó txartelarekin); manga eta egungo animearen tailerrak 30 euroko kostua izango du (25 euro hó txartelarekin).

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)