'Errementari'
Paul Urkijo: 'Ez izan beldurrik demonioari aurpegira begiratzeko'
Natxo Velez | eitb.eus
Gasteiztar zinemagileak ‘Errementari’ estreinatuko du gaur Hegoaldeko eta Espainiako Estatu osoko zinema aretoetan, ‘Patxi errementaria’ ipuinean oinarritutako “ipuin gotikoa”.
Euskal zinemaren loraldia, globala izan behar bada, askotarikoa izan behar da, handia eta zabala. Tamainakoa da dagoeneko, duela urte batzuk pentsaezinak ziren mailetara iritsi baitira euskal filmak azkenaldian, eta ?Handia?, esaterako, inoizko euskal film ikusiena da jada.
Halere, esan bezala, lore mota askoko lorategiak dira ederrenak, askotarikoak, eta euskal zinemak, hedapen horretan, generoko filmak ere behar ditu, altueran ez ezik zabaleran ere hazteko. Hain zuzen ere, Paul Urkijoren beldurrezko film bat iritsiko da gaur zinemetara, ?Errementari? Arabako euskara zaharrean kontatutako ipuin iluna, umoretik, abenturatik eta dramatik ere baduena.
Urkijorekin hitz egin dugu, ?Errementari?ri buruz gehiago jakiteko.
Zerk hunkitu zintuen ?Patxi errementaria? ipuinetik? Noiz ikusi zenuen pantailara eraman zitekeela?
Txikitan, haurrentzako bertsio mitikoa nuen. Horretan, demonioak oso era dibertigarrian jasaten zituen Patxiren gaiztakeriak, eta niri demonioak jatorrak iruditzen zitzaizkidan.
Urteak pasatu eta gero, ipuinaren elementuak interesgarriak iruditu zitzaizkidan film luze bat egiteko, egoera surrealista, oniriko eta satirikoak dituen demonioen fantasiazko ipuin gotiko bat sortzeko.
Ipuineko zer elementu jotzen zenituen ezinbestekotzat eta zein gehitu dituzu zuk?
Ipuina, berez, nahiko sinple eta motza da, eta Patxik demonioarekin duen erlazioa zen niretzat interesgarriena: zein da gaiztoa hemen? zergatik?
Horretarako, Patxiren historia testuinguru historiko batean kokatu behar nuen, ipuinean argi ez dagoena, eta gaiztoa izatearen zergati hori azaldu: zer dauka demonioak buruan? zergatik bilatzen du Patxiren arima?
Azkenik, pertsonaia asko gehitu dizkiot istorioari, Patxi eta Sartael demonioaren inguruko misterioen inguruan. Usue neskatoa, adibidez, hirugarren protagonista da, bera baita bi pertsonaia ilun horiengana hurbiltzeko bidea.
XIX. mendeko estetika bilatu duzu lanean, iluntasuna eta itxura gotikoa. Zer elementuren bidez irudikatu duzu garai hori?
XIX. mendea aukeratu nuen, estetikoki eta narratiboki egokiena iruditu zitzaidalako: beti gustatu zait orduko estetika, garai hartako herrien egoera, janzkera eta abar. Gainera, horrore gotikoko istorio ingeles ezagunenak (Drakula, Frankenstein...) garai berekoak dira, viktoriar garaikoak; ipuin gotiko bat kontatzeko ezin hobea da, beraz.
Bestalde, historikoki, Lehen Karlistaldiaren ondorengo garai hartan, talka bizia izan zen mundu berri ilustratuaren eta mundu tradizional eta superstiziosoaren artean, eta apaizek infernuetako demonioen sinesmenak zabaltzen zituzten herri txikietan. Garai aproposa, beraz, demonioen istorio bat egiteko.
Ibilbide luzea duzu film laburren egile moduan. Zer alde nagusi ikusi dituzu film luzera pasatzean?
Narrazioaren mailan, filmaren luzera pertsonaien bilakaerarekin erlazionatuta dago. Luzeetan, tarte handiagoa duzu, eta gehiago sakondu dezakezu pertsonaiengan. Bestalde, filmatzeko orduan, indartsuago egon behar duzu psikologikoki: gure kasuan, zazpi astez egon ginen grabatzen.
Azkenik, industriaren ikuspegitik, film luzeen merkatua egonkorra da, eta, beraz, zortea baduzu, filmak egiteaz bizi zaitezke, film laburrekin ez bezala.
Aktore talde puntakoa eduki duzu (Ramon Agirre, Josean Bengoetxea, Itziar Ituño?), Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy buru. Zer eman diote pelikulari bi aktore hauek?
Filmeko antzeztaldearekin oso pozik nago, beteranoekin zein hasiberriekin. Nire istorioari bizitza eman diote.
Filmatze latza izan zen: negua, oso fisikoa, akzio mordoa, sua, euria, lokatza, burdina, makillaje protesiak... Eta guztiek eman zuten dena, beteranoenek hasiberri baten grinaz.
Kandidoren eta Enekoren kasuan, esfortzu titanikoa egin zuten. Oso sekuentzia zailak izan ziren, eta maila bikaina erakutsi zuten, bai profesional bai pertsona moduan. Pelikulako aurpegi guztiei esker, buruan nuen ipuinaren tonua pantailan dago inprimatuta.
Gainera, Uma Bracaglia neskatoarekin ere lan egin duzu, istorioan pisu handia duen paper batean. Zelakoa izan da aktore gaztearekin lan egitea?
Esan dudan moduan, oso filmatze gogorra izan zen, eta Usueren papera ez da batere makala. Nik uste, edozein haurrek ezingo zuela filmatze hori jasan, eta Umak guztiz gainditu zuen, pelikulako une ederrenak eman dizkigu.
Oso profesional aritu zen denean, zineman munduan urteak eramango balitu bezala. Pertsonaiaren aldetik, filmeko bi pertsonaia ilunen bizitzan sartzeko bitartekoa da, eta oso pisu dramatiko handia du. Esango nuke bera dela ia filmeko protagonista...
Film handia egin duzu, anbizio handikoa. Zer eragozpen izan dituzu buruan zeneukan ideia pantailara eramateko? Zer mugari egin behar izan diozu aurre?
Gehienbat, baliabideen aldetik aurkitu ditut eragozpenak: Euskal Herrian ez dago fantasiazko filmak egiteko ohiturarik, eta, beraz, baliabide asko falta dira, nahiz eta azpiegitura bat egon.
Gainera, fantasia, akzio eta efektu asko dituen film historiko bat oso garestia da. Beraz, guk irudimen, ilusio eta lantalde indartsu batekin egin dugu aurrera, esku artean genuen aurrekontu murritzarekin. Gauza asko zerotik egin behar izan ditugu.
Filmatze lanak hasi behar zenituztenean, Alex de la Iglesia eta Carolina Bang ekoizpen taldean sartu ziren. Nola sortu zen lankidetza hori eta zer eman dizue?
Filmatzen hastera gindoazela, Alex nirekin harremanetan jarri zen parte hartu nahi zuela esateko.
Bere papera filmaren postprodukzioan baliabide gehiago eta distribuzio indartsuagoa lortzea izan da. Prozesu horretan beraren aholkuak entzun ditut, baina ez dit inoiz ezer inposatu. Plazera izan da bera alboan edukitzea.
Gainera, zalantzarik gabe, bere izenak filmaren distribuzioari lagunduko dio.
Ahozkotasuna eta hizkuntza asko zaindu dituzue. Zein bertsiotan ikusi ahalko da filma Euskal Herrian? Eta kanpoan?
Arabako euskara zaharrean grabatu dugu. Argi neukan XIX. mendeko euskara zahar batean egin behar genuela, sinesgarritasuna lortzeko, eta arabar euskararenak badauka bere puntua, pelikulari oso testura ederra eta exotikoa ematen diola uste dut. Baina, era berean, guztiz ulergarria euskaldunontzat.
Bestalde euskara batua ere erabili dugu, instituzioetatik datozen pertsonaien ahotan. Narrazio mailan, koloreak eta sailkapenak lortzen dituzu horrela.
Euskal Herrian, filma euskaraz egongo da, gaztelaniaz azpidatzita, eta Estatu mailan bikoiztutako kopiak ere egongo dira. Merkatuak eta herrialdearen kulturak eskatzen duenaren araberakoa izango da.
Sitgeseko zinemaldian ikusi ahal zen filma, baita Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Donostiako Astean ere (publikoaren saria jaso zuen). Zer harrera egin dio ikusi duen jendeak? Zer erantzun jaso duzue?
Oso ona. Ni beldur nintzen, nire lehen luzea delako eta urte asko daramatzadalako proiektu honekin, 6 urte jada.
Proiekzioan oso gaizki pasatu nuen (kar-kar), baina kritika guztiak oso onak ziren, bai hedabideen baita publikoaren aldetik ere. Oso gauza politak irakurri ditut, eta horrek pixka bat lasaitzen nau, publikoak uzten ez badit ezingo baitut hurrengo filma egin, eta badauzkat proiektuak esku artean... (kar-kar)
Beldurrezko filma izanda ere, ?publiko guztietarako? modukoa da? Abisurik, filma ikusi nahi duenarentzat? (kar-kar)
Osagai asko ditu: ipuina, misterioa, abentura, beldurra, munstroak, une dramatiko eta ederrak... Baina esan beharra daukat festibaletan jendeak barre piloa egin duela, umore beltz asko dauka eta.
Familia osoak ikus dezake, nik txikitan ikusi nahiko nukeen filma da.
Ez izan beldurrik demonioari begietara begiratzeko... Agian sorpresa bat eraman dezakezu, Usueri gertatzen zaion moduan...