Asteko estreinaldiak
'Amerikanuak' eta Harry Potter, zinema-aretoetan aurrez aurre
Erredakzioa
Luis Tosaren '18 comidas', 'Planes para mañana' eta Carlos Saurak zuzendutako 'Flamenco, flamenco' filmak ere estreinatuko dira ostiralean. Gainera, 'La bella y la bestia' 3D formatoan helduko zaigu.
Ameriketako Estatu Batuen mendebaldean, Elkon (Nevada) bizi diren euskaldun etorkinen egunerokotasuna islatzen duen dokumentala dugu Amerikanuak. Nacho Reigek zuzenduta, AEBetara erbesteratu zuten euskaldun gazte askoren istorioa du hizpide. Euskara hutsean grabatu dute eta zintaren soinu-banda Audience musika talde gernikarrak egin du.
Zinemako eztirik ospetsuenaren azken abenturak ikusi ahal izango ditugu Harry Potter y las reliquias de la muerte pelikulan. Azken partearen lehenengo zatia dugu filma eta bertan, Lord Voldemort hil baino lehen igaroko dituzten pasadizoak izango ditugu mintzagai.
Luis Tosar eta Sergio Peris-Mencheta ditu protagonista 18 comidas zintak. Jorge Coirak zuzenduta, mahai baten inguruan izaten diren sei istorio desberdinak kontatzen ditu filmak. Horrela, zoriontasunari eta bere bilaketari buruzko bederatzi pertsonaien gogoetak erakutsiko ditu.
Laburmetrai onenaren Goya saria irabazi duen Juan Maciasek idatzi eta zuzendu du Planes para mañana drama. Bere bizitza aldatzeko irrikitan dauden lau emakume dira Ines, Antonia, Marian eta Monica. Bere beldurrari aurre egin beharko diote hura lortzeko. Malagako Zinemaldian sari anitz lortu zituen pelikulak, tartean, zuzendaritza eta gidoi onenaren golardoak.
Flamenco, flamenco ekarriko digu aste honetan estreinekoz Carlos Saura zuzendariak. Arte honen ordezkari onenek, Paco de Luciak, Jose Mercek, Estrella Morentek, Sara Barasek, Farruquitok edo Niña Pastorik, besteak beste, flamenkoren edertasuna erakutsiko digute.
Asteko beste drama Emilio Estevezen eskutik datorkigu. The Way filmean, Martin Sheen bere aita zuzenduko du Estevezek. Bere semea ustekabean hil ostean, Santiagoko Bidea egitea erabakiko du Martin Sheenek interpretatutako pertsonaiak.
Xavier Ribera Perpiñak gidoilariak zuzenduta eta Bartzelona abangoardista batean girotuta, maitasunari eta honen galerari buruzko istorioa du mintzagai Circuit zintak. Sophie Auster (Paul Auster idazlearen alaba), Michelle Jenner eta Vincent Martinez ditu protagonista.
Jonah Hill, John C. Reilly eta Marisa Tomei dira Cyrus komedia erromantikoaren pertsonai nagusiak. Nerabe baten eta bere amaren mutil lagun berriaren arteko harrreman konplikatua kontatzen du.
Israeletik gure zinema-aretoetara, My father, my lord filma, fedearen botereari buruzko drama. David Volachek zuzenduta, Tribecako Zinemaldian filme onenaren saria eta Haifako Zinemaldian zuzendari onenaren golardoak, besteak beste, irabazi ditu zinta honek.
La Bella y la Bestia Disneyren klasikoa 3D formatean estreinatuko da berriro. 20 urte igaro dira pantalla handian izan zenetik. Itxuraz haratago maitasunaren garrantzia umeei azpimarratu nahi die pelikula dibertigarri honek.