40. urteurrena
Euskadiko Filmategiak Helena Tabernaren filmografiari begiratuko dio aurten
eitb.eus
40. urtebetetzea ospatuko duen urtean, Euskadiko Filmategiak nafar zinemagileari eskainiko dio urtero euskal zuzendari bati eskaintzen dion atzera begirako zikloa eta liburua.
Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu 2018an, eta Kimuak euskal film laburrak sustatzeko programak, 20. Hori dela eta, apirilean emankizun bereziak eskainiz abiatutako ospakizuna urte osora hedatuko du erakundeak, “gure zinemaren ikuspegi askoz ere zabalagoa eskaintzeko, emakume zinemagileek egindako zinemari ikusgarritasun berezia emanda”.
Horrela, Filmategiak euskal zinemagile bati urtero eskaintzen dion atzera begirakoa Helena Tabernaren lanean oinarrituta egongo da.
Tabernaren lanaren inguruko atzera begirako zikloa urritik abendura egingo dute, eta Filmategiak urtero kaleratzen duen argitalpen monografikoaren protagonista ere izango da zuzendari nafarra.
Zuzendari, gidoilari eta ekoizle altsasuarra 90eko hamarkadan hasi zen lehendabiziko lanak filmatzen: La mujer de Lot (1990), Emiliana de Zubeldia (1994) eta Alsasua 1936 (1996), besteak beste.
Bere lehen film luzea Yoyes (2000) izan zen. Gerora, emakume etorkinen mundua arakatu zuen Tabernak Extranjeras (2005) filmean, eta Espainiako gizartearen eta politikaren bere ikuspuntua azaldu zuen La buena nueva (2009) filmean.
Halaber, Nagore (2010) dokumentalean Tabernak hainbat baliabide zinematografiko erabili zituen genero indarkeriaren aurkako salaketa indartsua egiteko.
Orain arteko bere azken film luzea Acantilado (2015) izan da, Lucía Etxebarriaren eleberri batean oinarrituta.