Itxi

Jaialdia

'La cifra negra'k irabazi du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren saria

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ales Paya valentziarraren dokumentalak erakundeen indarkeria, torturak, tratu txarrak eta giza eskubideen beste urraketa batzuk ditu hizpide, lekukotasunen bidez.

cifra negra

“La cifra negra de la violencia institucional” Ales Paya valentziarraren dokumentalak irabazi du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren hamaseigarren edizioko sari nagusia. Espainiako Estatuan torturatu egiten ote den galdetzen du dokumentalak, eta Iñigo Cabacasen, Unai Romanoren eta Martxelo Otamendiren kasuak hartzen ditu hizpide, besteak beste.

Bestalde, “Beauty and the Dogs” tunisiar filmak irabazi du Amnistia Internazionala elkarteak ematen duen saria, eta “El viaje a Islandia” Cesar Vallejok esklerosi anizkuna duen gizon bati buruz egindako kontakizunak osatu du palmaresa, Gazte Epaimahaiaren Saria bereganatuta.

“La cifra negra”k Manuela Carmena epaile emeritu eta Madrilgo alkatearen eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren lekukotasuna jasotzen ditu, besteak beste, eta hainbat galdera jartzen ditu mahai gainean, hala nola “zergatik da horren zaila Espainiak torturak salatzea” eta “zer eragin izaten ditu biktimentzat eta legea hausten dutenentzat”.

Josemi Beltran jaialdiaren arduradunak proiekzioen ondorengo eztabaiden “kalitatea eta intentsitatea” azpimarratu ditu, adibidez film irabazlearen ondorengoak izan zuenarena, zeinean Francisco Etxeberria auzitegi medikuak eta Axun Lasa, Joxean Lasa GALek hildakoaren arrebak hartu baitzuten parte.