Itxi

Estreinaldiak

Jonas Trueba eta The Doorsen inguruko dokumentala, zinema-aretoetan

Erredakzioa

Fernando Trueba zinemagilearen semeak 'Todas las canciones hablan de mí' film luzea estreinatuko du. 'When you're strange' dokumentalak, bestalde, Jim Morrison eta bere banda ditu hizpide.

Jonas Trueba eta Jim Morrison dira aste honetan gure zinema-aretoetako izen nagusiak. Fernado Truebaren semeak bere lehen film luzea estreinatuko du: Todas las canciones hablan de mí. Lan honekin lehian The Doors taldearen inguruko When you''re strange dokumentala arituko da. Franklyn thriller fantastikoa eta Kataluniako bi zinta ere izango ditugu ikusgai: Caracremada eta La leyenda del innombrable.

Komedia erromantiko batekin datorkigu Jonás Trueba gaztea. Hala ere, komedia berezia dugu Truebarena: Oriol Vila, Bárbara Lennie eta Ramón Fontserè aktoreak protagonista dituela, maiteminduta egotearen edertasuna albo batera utzi eta maite dugun hori galtzearen ondorioak ditu oinarri. Maitasun harremana hautsi eta bikotekide izandakoa ahaztu beharrak dakartzan zailtasunak eraman ditu pantaila handira Truebak. Lan zaila izaten da, orain arte neska-lagun izandako hori norberaren oroimen guztien protagonista denean. Abesti guztiek norbera hizpide dutela uste izaten dugu horrelakoetan.

Bestalde, When you''re strange dokumentala Tom Dicillo zinemagileak zuzendu du. The Doors rock talde mitikoaren nondik norakoak azaltzen dizkigu bertan, ikuslea sexuz, drogaz eta alkoholez gainezka egiten duen mundu batean murgilduz. Horretarako, 60ko hamarkadan filmatutako materiala erabili du zuzendariak, neurri handi batean orain arte argitaratu gabekoa eta asko Morrisonek berak filmatutakoa.

Caracremada Lluís Galter zinemagile gaztearen estreinako filma dugu. Ramón Vila maki katalanaren inguruko lanarekin iritsi zaigu Galter, Lluís Soler aktorea protagonista duela. Veneziako Zinemaldian harrera ona izan zuen istorioak.

Salomón Shangek Juan Luis Galiardo eta Clara Galí zuzendu ditu, besteak beste, La leyenda del innombrable lanean. Hau ere Katalunian dago girotuta. Pertsona zital batek bertako herri bateko bizilagunak ikaratuta dauzka, eta haren izena esatera ere ez dira ausartzen. Amandak egingo dio aurre, urritasun psikikoa duen gizonezko baten eta kartzelatik irten berri den gizabanako baten laguntzarekin.

Eva Green eta Ryan Phillippe aktoreek Franklyn thriller futurista dakarkigute. Gerald McMorrowek zuzendu du lana, eta hiri berezi batean girotutako fantasiazko ipuina kontutako digu. Lana bi unibertso paralelotan garatzen da: bata, gaur egungo Londres hiria; bestea, erlijioak menderatutako etorkizuneko gizartea. Bertan, amodioak, fedeak eta erredentzioak gainezka egiten dute, eta lau pertsonaiaren etorkizuna drama eta maitasun istorio baten menpe egongo da.

Bideoak (2)