Kargatzen...
Itxi

Omenaldia

Euskadiko Filmategiak Eloy de la Iglesia zinemagilea omenduko du

Leer en Castellano

Ostiralean, uztailak 20, haren zinemaren inguruko mahai ingurua egin eta “El pico” proiektatuko dute. Arteguneak “Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” erakusketa hartuko du azarora arte.

“Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai

Kutxa Kultur Artegunea Tabakalerako aretoak Eloy de la Iglesia gipuzkoar zinemagilea zenari buruzko erakusketa irekiko du uztailaren 20an, eta, egun horretarako, mahai-inguru bat (18:00etan, Tabakalerako Z aretoan) eta El pico (1983) filmaren proiekzioa prestatu dituzte.

Mahai-ingururako sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Jesus Angulo historialari eta zinema kritikaria arituko da moderatzaile gisa, eta Pedro Olea zinema zuzendariak -Los novios búlgaros (2003), Eloy de la Iglesiak zuzendu zuen azken filmeko ekoizleetako bat izan zen-, Maria Luisa San Jose El diputado (1978) pelikulako protagonistak eta Elena Manrique zinema produktoreak hartuko dute parte solasaldian.

Euskadiko Filmategiak eta Arteguneak Zarautzen 1944an jaio eta 2006an Madrilen hildako zinema zuzendari “sailkaezina” omendu nahi dute horrela, zeinak hogei film baino gehiago egin baitzituen, horietako asko marjinazioan eta drogen inguruan girotuak.

Erakusketa eta proiekzioa

El pico (1983) ostiralean proiektatuko duten filmak droga mendekotasuna duten bi mutil gazteren istorioa kontatzen du. Behar duten dosia lortzeko, droga saltzen dute eta krimen bat egingo dute.

“Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” erakusketa zabalik egongo da uztailaren 20tik azaroaren 4ra arte. Eloy de la Iglesiaren lan guztia biltzen duen lehen erakustaldia izango da, eta, zarauztar zinemagilearen filmografia errepasatzeaz gain, gaur egungo zenbait artistak hark utzitako ondarearen inguruan duten ikuspegia azaltzen duten lanak biltzen ditu.