Film laburrak
Kimuak, Clermont-Ferrand eta Rotterdameko zinemaldietan
Erredakzioa
La gran carrera (Kote Camacho) eta Ámár (Isabel Herguera) Europako bi jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzeko aukeratu dituzte.
Film laburren eszenan europako zinemaldi garrantzitsuenetakoak dira egun Clermont-Ferrand eta Rotterdameko jaialdiak. Horregatik, poztekoa da Kimuak katalogoko bi film labur jaialdi horietan parte hartzeko aukeratuak izan direla jakitea.
Clermont-Ferrandko zinemaldian Kote Camachok zuzendutako eta Donostiako Txintxua Films-ek ekoitzitako La gran carrera film laburra lehiatuko da. Film labur horrek arrakasta handia izan du, besteak beste, Gijoneko zinemaldian, eta film labur onenaren saria jaso du Soriakoan. Clermont-Ferrandeko zinemaldia otsailaren 4tik 12ra egingo dute eta La gran carrera film laburra jaialdira aurkeztu dituzten Espainiako bi film laburretako bat da. Foro garrantzitsu honetan parte hartzen duen Kimuak katalogoko bosgarrena da.
Bestalde, urtarrilaren 26tik otsailaren 6ra egingo den Rotterdameko zinemaldiak Ámár film laburra hautatu du. Isabel Herguerak zuzendu eta ekoitzi du. Film labur honek besteak beste Animadrid eta Alcalá de Henaresko zinemaldi garrantzitsuetan saritu dute eta, guztira, sei sari jaso ditu.
Kimuak katalogoko film laburren arrakasta
Orain arte Kimuak katalogoko film laburrak Albanian, Alemanian, Bahametan, Kanadan, Txinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Holandan, Irlandan, Italian, Jordanian, Polonian, Txekiar Errepublikan, Errumanian, Serbian eta Ukrainan eman dituzte eta Ameriketako Estatu Batuetan, Jordanian, Polonian eta Ukrainan saritu dituzte.
Hiru hilabete eskaseko ibilbidean, ia 150 hautapen eta 34 sari lortu dituzte 2010eko Kimuak katalogoko film laburrek, katalogoak etorkizun oparoa duen seinale. Kontuan hartzeko datua da zifra horiek beste edizio batzuetakoak baino askoz hobeak direla.