Urtarrilaren 22tik 30era
2011ko Zinegoak Jaialdiak arte eszenikoen ikuskizunak eskainiko ditu
Erredakzioa
Bilboko Nazioarteko Gay-Lesbo-Trans eta Bisexual Zinemaldiak 76 zinta proiektatuko ditu, 2010. urtean baino % 20 gehiago. Ohorezko Saria El Deseo ekoiztetxearen arduradunentzat izango da.
Bilboko Zinegoak Jaialdiaren 2011. urteko egitaraua aurkeztu dute eta zortzigarren edizio honetarako zenbait berrikuntza hartuko ditu, tartean, arte eszenikoen obrak. Horrela, dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko du jaialdiak, Clara y Daniel izenburukoa eta 6 eta 12 urte arteko haurrei eta bere familiei zuzenduta dagoena.
Zinegoak jaialdiak 25 herrialdetako 76 zinta proiektatuko ditu guztira (film luzeak, film laburrak, dokumentalak eta obra eszenikoak). Iazko datuekin konparatuta, % 20 igo da proiekzio kopurua. Ikusgai izango direnen artean, 54 sariren bat lortzeko lehiatuko dira. Halaber, Sera Llamasen eta Daniel Duarteren La cita euskal film laburra ere eskainiko du aurtengo edizioak. Guztira, nazioarte mailako bost estreinaldi eta Estatu mailako 29 estreinaldi hartuko ditu Zinegoak 2011k.
Film luzeei dagokionez, Bruce LaBrucen L.A. Zombie zinta nabarmendu dezakegu. Lan horrek hautsak harrotu ditu orain arte; zenbait herrialdetan debekatu egin dute eta beste zenbaitetan, berriz, goraipatu. Honekin batera, Gigola izango dugu ikusgai. Laure Charpentierrek zuzenduta, Sevillako Europar Zinemaldian lan berri onenaren saria eskuratu zuen. Dokumentalei dagokienez, Paraguaitik Cuchillo de palo - 108 Renate Costaren lana dago. Jaialdi batzuetan sariak lortu ditu Stroessnerren diktaduraren garaiko homosexualen kontrako errepresio bortitza mintzagai duen lanak.
Ohorezko Zinegoak Saria
Aurtengo edizioak Ohorezko Zinegoak Saria eskainiko die El Deseo Ekoiztetxearen arduradunei, Agustin Almodovarri eta Esther Garciari, hain zuzen. Produktore hauek Pedro Almovodarren pelikulak ekoizten dituzte. Halaber, epaimahaikideak ere ezagutzera eman dituzte antolatzaileek: Anna Boluda, kazetaria eta dokumentalen zuzendaria, Mikel Rueda, gidoigilea eta zinema zuzendaria, eta Laura Coppens, zinema zuzendaria eta Asian Hot Shots Berlin jaialdiaren programatzailea.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere antolatu dute El Show del Txistu. Zinemagintza sormen azkarreko ikuskizun honetan, ikuslegoak zuzenean aukeratzen ditu, txistu baten bidez, saria irabazteko aukera izango duten filme finalistak zeintzuk izango diren. Film labur irabazleak 600 euro eta ziurtagiri bat eskuratuko ditu.
Zinegoak Nazioarteko Gay-Lesbo-Trans eta Bisexual Zinema Jaialdiak urtarrilaren 22tik 30era bitartean izango da, Bilboko hainbat aretotan, hala nola AlhondigaBilbaon, Bilborock aretoan, FNAC dendan, Arriaga Antzokian eta EITBren Bilboko egoitzan.