Oscar sarien bezpera
'Biutiful', Atzerriko Film Onenaren Urrezko Globoa lortzeko faboritoa
Erredakzioa
Kinielen arabera, Atzerriko Film Onenaren saria irabaziko luke Iñarrituren filmeak, gaur gauean Los Angelesen izango den sari banaketan. Izendapen gehien lortu dituen zinta 'The King´s speech' da.
AEBetako Los Angeles hiriak hartuko du gaur gauean Urrezko Globoen 68. edizioaren sari banaketa. Hollywooden kritika onak jaso ostean, Atzerriko Film Onenaren saria eskuratzeko aukera handiak ditu Biutiful filmeak.
Alejandro Iñarrituren etsairik handiena Italiatik datorren I Am Love zinta dela diote iragarpenek. Javier Bardem protagonista duen drama honek promozio kanpaina handia izan du AEBetan eta zinema-aretoetako txarteldegian arrakasta nabarmena lortu du.
Film Onenaren sariari dagokionez, hautagai kopuru gehien dituztenen artean, The King´s speech gailendu da , guztira, zazpi baititu. Halaber, sei izendapen eskuratu dituzte Facebookeko hasierari buruzko The Social Network zintak eta Micky Ward boxeolariaren bizitza mintzagai duen The fighter tituluak.
Zuzendari Onenaren saria David Fincherrentzat
Drama Onenaren atalean, Inception eta Black Swanen artean egongo da lehia. Kinielen arabera, Zuzendari Onenaren saria The Social Network zuzendariaren David Fincherrek lortuko luke.
Iragarpenen aburuz, Colin Firthek eskuratuko luke Gizonezkoen Aktore Onenaren saria, The King´s speech filmagatik. Adituek bat egin dute Emakumezkoen Aktore Onenaren saridunaren izenean ere: Natalie Portman, Black Swan zintagatik. Ia zalantzarik gabe, animaziozko sailean, Toy Story 3 izango da sariduna.
Urrezko Globoak Oscar sarien aurrerapena dela diote askok. Hori dela eta, igandean jakingo dugu zein pelikula izango diren faborito datorren otsailaren 27an banatuko diren Oscar sarietan.