Itxi

Zineuskadi

'Smallfoot' eta 'Horman Erlojua duen Etxea' filmak, euskaraz ikusgai

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Zineuskadiren ekimenez, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat zinema aretotan euskaraz ikusi ahalko dira pelikulak.

Cate Blanchett da "Horman Erlojua duen Etxea" filmeko protagonistetako bat

Zineuskadi plataformak berriro abiatu du Zinema Euskaraz programa, udako geldialdiaren ondoren, komunikazio kulturaleko ibilgailu gisa euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Horrela, ostegun honetan, "Smallfoot" familia osoarentzako filma eta "Horman Erlojua duen Etxea" gazteei zuzendurikoa estreinatuko ditu euskaraz Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat zinema aretotan.

"Smallfoot" filmaren aurretiko estreinaldia 66. Donostia Zinemaldian egin zuten, eta bertan izan zen Danny DeVito, protagonistetako bati ahotsa jarri dion aktorea. 3Dn egindako abentura animatua da. Sergio Pablos espainiarraren istorio originalean oinarrituta, yeti izugarriaren mitoa nolabait aldatzen du.

Halaber, "Horman Erlojua duen Etxea" filmak fantasia gotikoa eramango du zinema aretoetara. Eli Rothek zuzendu eta Steven Spielbergek ekoitzi du. John Bellairsek idatzi du eta Edward Goreyk ilustratutako izen bereko eleberriaren egokitzapena da. Filmeko aktoreen zerrendan daude Jack Black, Cate Blanchett, Lorenza Izzo, Renée Elise Goldsberry Colleen Camp, Kyle MacLachlan eta Owen Vaccaro.

Euskaraz estreinatuko den hurrengo filma "Udare erraldoiaren istorio sinestezina" izango da, azaroan.