Itxi

Noka Mentoring

Mentore prestigiodunek bana-banako laguntza emango diete euskal emakume zinemagileei

eitb.eus

Leer en Castellano

Emakume zinemagileei formazioa eta bana-banako laguntza eskainiko dizkie Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Zineuskadiren programak. Urtean, hiru proiektu aukeratuko dituzte.

Joxean Muñoz, Aitziber Atorrasagasti eta Maialen Beloki, aurkepenean

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik Noka Mentoring aurkeztu dute gaur, euskal emakume zinemagileen pisua eta ikusgaitasuna ikus-entzunezko sektorean indartu nahi duen formazio eta laguntza programa berri bat.

Emakumeei zinema-proiektuen garapenaren beren lehen esperientzietan laguntzeko, laguntza pertsonalizatuko programa berri bat jarriko dute abian: hiru film luzeren proiektuak hautatuko dituzte, eta, urtebetez, 12 mentoreren bidez (Anahí Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar García Zubiri ekoizlea eta Garbiñe Ortega Punto de Vista jaialdiko zuzendaria, besteak beste), formazioa eta aholkuak eskainiko dizkiete horien arduradunei. Babes hori eskainiko duten mentoreak nazioarteko zinemagintza industrian aukeratuko dituzte, "euren prestigioa eta ibilbideagatik".

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute, Azkuna Zentroan, Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinema topaketaren barruan.

"Emakumeen presentzia ikus-entzunezkoaren sektorean gizonezkoaren azpitik dago, era argian gainera. Elkartzeko gune irekiak eskaini nahi dizkiegu emakume zinegileei, ibilbide azpimarragarria duten mentoreengandik ikas dezaten, beren formazioa, ezagutza, esperientzia eta kontaktu-sarea hobetuz", azaldu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea.

Deialdia zabalik, gaurdanik

Gaur bertan ireki dute proiektuak aurkezteko epea, eta abenduaren 14an itxiko dute. Deialdiaren xehetasunak Zineuskadiren webgunean aurkituko dituzte interesdunek.

Proiektuak hautatuko dituen batzordeko kideak hauek izango dira: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Pau Guillén (Zinegoak) eta konfirmatu behar den beste bat, baita Zineuskadiko Jara Ayucar ere.

Emakume zinemagileak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Joxean Muñoz sailburuordeak adierazi duenez, 2016an Kultura Behatokiak emakumeak sektorean duen pisuaren inguruan plazaratu zituen datuak ezagutu ondoren sortu zen proiektua martxan jartzeko ideia.

Azterlan horrek jaso zuenez, formazio espezializatuan matrikulatzen direnen % 60 emakumeak badira ere, zuzendarien % 30 baino ez dira emakumeak, eta, bestetik, zinema-gidoiak lantzeko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetara aurkezten diren profesionalen % 19,7 baino ez dira emakumeak. Halaber, emakumeak ikus-entzunezko enpresetako profesionalen % 40,5 badira ere, % 25 baino ez dira ardura handiko lanpostuetan.

Albisteak (1)