33. edizioa
'Carmen y Lola' Arantxa Echevarriaren filmak zortzi izendapen lortu ditu Goyetarako
eitb.eus
Gainera, 'Errementari' eta 'Another day of life' filmak ere Espainiako Zinema Akademiaren sariak lortzeko hautagaiak izango dira, efektu berezi eta animaziozko film onenen ataletan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arantxa Echevarria bilbotarraren lehendabiziko filmak, Carmen y Lola-k, zortzi izendapen eskuratu ditu Goya sarietarako. Horrez gain, Paul Urkijo gasteiztarraren Errementari eta Another day of life animaziozko dokumentalak ere Espainiako Zinema Akademiaren sariak lortzeko hautagaiak izango dira, efektu berezi eta animaziozko film onenen ataletan. Alberto Iglesias donostiarra ere Goyetarako euskal izendatuen artean dago, Yuli filmarentzat egindako musikagatik.
Espainiako Zinema Akademiak Goya sarietarako izendatuen zerrenda iragarri du gaur, Rossy de Palma aktorearen eta Paco Leon zuzendariaren ahotsean. Otsailaren 2an banatuko dituzte sariok, Sevillan. Gala Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztuko dute, eta Narciso Chico Ibañez Serrador zinemagileak Ohorezko Goya jasoko du.
Rodrigo Sorogoyenen El reino pelikulak eskuratu ditu izendapen gehien: 13. Alde txikira geratu da Javier Fesserren Campeones (11 izendapen). Bestalde, Asghar Farhadiren Todos lo saben filmak Echevarriaren debutak beste eskuratu ditu (8).
Echevarriaren pelikulak izendapenak lortu ditu atal nagusietan
Carmen y Lola pelikulak, Cannesen estreinatutakoa eta Europako Zinemaren Sarietarako aurrez hautatua, atal garrantzitsuenetan lortu du izendapena: film onena, zuzendari berri onena eta jatorriko gidoi onena. Horrez gain, pelikulako protagonistak, Rosy Rodriguez eta Zaira Romero (formazio eta eskarmenturik gabeko aktoreak), emakumezko aktore berri onenaren sarirako izendatu dituzte. Moreno Borja aktore hasiberria ere gizonezko aktore berri onenerako lau hautagaien artean dago. Calorina Yuste, berriz, antzezlanezko emakumezko aktore onenen artean izendatu dute. Paco de la Rosak filmerako egindako "Me vas a extrañar" kantak jatorrizko abesti onenaren izendapena jaso du.
Bestalde, Alberto Iglesias konpositore donostiarra Iciar Bollainen Yuli pelikularako egindako musika ere sarietarako izendatu dute.
Raul de la Fuente nafarrak eta Damia Nenow poloniarrak zuzendutako Another day of life filma animaziozko pelikula onenaren izendatuen artean dago. Zintak EiTBren parte-hartzea du, Errementari-k bezala. Hain justu, Paul Urkijoren pelikularen efektu bereziek (Jon Serrano eta David Herasen eskutik) izendapena jaso dute atal horretan.
Borja Cobeaga donostiarrak izendapen bat lortu du Superlopez-en gidoiarengatik (Diego San Joserekin batera nabarmendu dute gidoi egokitu onenaren atalean). Andrea Jaurrieta iruindarra ere izendatuen artean dago zuzendari berrien atalean (Ana de dia pelikulagatik).
Euskal izendatuen zerrenda ixteko, bi izen gehiago: Iñaki Ros (El reino filmagatik) eta Josu Inchaustegui (La sombra de la ley pelikularen argazkilaritzagatik).
Halaber, Soy una tumba Uniko bilbotar ekozitetxearen lana animaziozko film labur onenaren sailean lehiatuko da.