Itxi

Estreinaldia

'Mahatsaren Orpotik', zinema aretoetan

Erredakzioa

Bilbo (Multis), Gasteiz (Florida) eta Bartzelonan (Alexandra) ikusi ahal izango da eta martxoaren 4an, Logroñora (Moderno) ere helduko da.

Eterio Ortegak zuzendutako eta ETBren laguntza duen ''Mahatsaren Orpotik'' pelikula dokumentala Bilbon, Gasteizen eta Bartzelonan izango da ikusgai, ostiral honetatik aurrera.

Eterio Ortegak zuzendutako Mahatsaren Orpotik dokumentala estreinatuko dute zinema aretoetan, Barton Films banatzailearen eskutik. Bilbo (Multis), Gasteiz (Florida) eta Bartzelonan (Alexandra) ikusi ahal izango da; eta martxoaren 4an, Logroñora (Moderno) ere helduko da.

Euskal Telebista eta Canal Sur-en laguntzarekin egindako lana Idem-ek eta Cedecom-ek ekoitzi dute. Joan den udan aurkeztu zen Madrilen eta geroztik, hainbat golardo jaso ditu, horien artean, argazki onenari emandako saria Oenoviedo Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Urtebetean grabatutako dokumentala da: udaberriko lehen eguzki printzekin hasi eta udazkeneko mahats-bilketa eta neguko inausaldira arte. Oso bestelakoak diren bi ardo mota eta kultura irudikatzen dituzten bi eskualdetan biltzen dira paisaiak, arkitekturak eta pertsonak erretratatzen ditu; Errioxa eta Jerezkoak, alegia.

Pertsonaia errealak aurkezten dizkigu filmak, baina muntatze lanean euren eguneroko jarduerak gurutzatu egiten dira. hartara, ardoaren munduaren ikuspegi orokor eta sakona eskaintzen digu. Euren artean oso pertsona desberdinak dira, baina lanbideagatik duten pasioak batzen ditu, eta horri esker, ikus-entzuleok ardoaren kultura ezagutzeko parada izango dugu.

Upategiak denboraren joanaren lekuko isilak dira, baina ororen gainetik, jarduera biziko fabrikak dira. Eta nahiz eta euren arkitekturak hainbat ardogintza teknikaren ispilu izan, batzuetan, forma artistikoak izaten dituzte, ospe sinbolo moduan, eta horregatik merezi dute “ardoaren katedralak” deitura.

Bideoak (1)