Itxi

Heriotza

Amparo Muñoz hil da

Erredakzioa

Gaixoaldi luze baten ondoren etorri zaio heriotza bere ibilbidean polemika ugari izan zituen aktore ezagunari.

Malagan zuen etxean hil da igandean, otsailak 27, Amparo Muñoz aktorea, gaixoaldi luze baten ondoren. 1974an ''Miss Unibertsoa'' izendatu zuten, eta film eta telesailetan aktore lanak egin zituen ondoren. Polemika ugari izan zituen bere ibilbidean zehar, eta titulua irabazi eta sei hilabetetara uko egin zion munduko emakume ederrenaren koroari.

1973an Ana Belén, Alfredo Mayo eta José Sacristanen alboan debutatu zuen ''Vida conyugal'' filmean. Gero, Eloy de la Iglesia, Vicente Aranda, Germán Lorente, Carlos Saura, Fernando Leon, Imanol Uribe eta Jaime Chávarri zuzendariekin lan egin zuen. ''Hablamos esta noche'' Pilar Mirok zuzendutako filmak eman zion arrakasta handiena.

Mexikon eta Filipinetan jarraitu zuen aktore ibilbidea. Azken herrialde horretan, lege arazoak izan zituen, ekoizpen baten erdian bere lanari uko egiteagatik. Bueltan, Espainiako Poliziarekin ere izan zituen arazoak, drogek eta arazo fiskalek eraginda.

Lan hauetan hartu zuen parte: Tocata y fuga de Lolita (1974), Clara es el precio (1974), Sensualidad (1975), La otra alcoba (1976), Demasiado hermosa (1983), Balcón abierto, La reina del mate, En penumbra (1985), Lulú de noche (1985), Delirios de amor (1986), Vidas privadas (1987), Al acecho (1987), La Luna Negra (1989), Licántropo (1996), Fotos (1996) eta Familia (1996). 2005ean bere biografia aurkeztu zuen: La vida es el precio.

Patxi Andion, Flavio Labarca eta Victor Santiagorekin ezkondu zen eta Elias Querejeta ekoizlearen bikotekide ere izan zen.


Bideoak (1)