Estreinaldia
‘Soinujolearen semea’ apirilaren 12an estreinatuko dute
N.V. | eitb.eus
Egun horretan iritsiko da zinema aretoetara Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta Fernando Bernuesek zuzendutako filma.
Apirilaren 12an helduko da Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetara "Soinujoleren semea" Bernardo Atxaga idazlearen eleberrian oinarritutako filma, Fernando Bernues donostiarrak zuzendua. "Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarria" dela esan du zuzendariak. Guk Durangoko Azokako aurrestreinaldian ikusi genuen, eta hau idatzi genuen.
Antzerkian izandako "harrera paregabearen ostean", telebista, zine eta antzerki zuzendariak Atxagaren eleberria pantaila handira eraman du, Aitor Beltrán, Iñaki Rikarte, Cristian Merchán, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy aktoreekin, besteak beste.
Protagonisten hiru garai ezberdinetan oinarritzen da pelikula (haurtzaroa, 20 urteko gaztetasuna eta 50 urte inguruko garaia), Euskal Herrian bizi izandako historia aztertzeko.
"Soinujolearen semea" Bernardo Atxagaren eleberri pertsonaletako eta adierazgarrienetariko bat da. Patxo Telleriak egokitu du zinemarako gidoia eta musika Fernando Velázquezena da. ETBren partaidetza du lanak, eta Filmax eta Barton Films izango dira banatzaileak.