Urtarrilaren 19an
3.000 pertsona baino gehiago publikoan, Bilbok hartuko duen Feroz sarien galan
Agentziak | Erredakzioa
Zinema-Informatzaileen Espainiako Elkarteak antolatzen dituen sari hauen seigarren edizioa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.
3.000 pertsonak baino gehiagok osatuko dute publikoa hurrengo larunbatean, urtarrilak 19, Bilbon banatuko dituzten Feroz zinema eta telesailen sarietan, gala lehengoz egongo baita herritarrentzat zabalik.
Halaber, 550 izendatu eta gonbidatu ere bertaratuko dira Bilbora, hala nola Alejandro Amenabar, Jose Coronado, Marisa Paredes, Paco Leon, Inma Cuesta, Najwa Nimri, David Trueba, Barbara goenaga…
Maria Guerra AICE Zinema-Informatzaileen Espainiako Elkartearen, sarion antolatzaileen, presidenteak, esan duenez, gala gangarra izango da: “Urrezko Globoetan bezalatsu, zinema izarrek eta zinema kazetariek ondo pasatzea eta beren buruari barre egitea” izango da helburua.
Horren ildotik, argitu dute hasiera batean 1.400 sarrera salgai jarri eta gero beste horrenbeste atera zituztela eta horiek ere bukatu zirela. Horrenbestez, 3.200 laguneraino handitu dute publikoa.
Galaren aurkezpenean, berorren aurkezlea izango denak, Ingrid Garcia-Jonsson aktoreak ere hartu du parte, eta esan du publikoak eta gonbidatuek “tarte atsegin bat pasatzea” izango dela helburua, “ondo pasa dezatela baina sufritu ere egin dezatela”, eta Raul Diazek, Alvaro Velascok eta Mario Diazek idatzitako gidoia izango du horretarako lagun.
Gaueko hamarretan Bilbao Arena pabiloian hasiko den galan, Feroz sarietako sail guztietako sariak emango dituzte.
Zinemari dagokionez, hauek dira hautagaitza gehien dituzten filmak: "El reino" (10), "Quien te cantará" (8), "Todos lo saben" (6), "Petra" (5), "Carmen y Lola" (4), "Viaje al cuarto de una madre" (4) eta "Campeones" (4).
Horrez gain, Jose Luis Cuerda zuzendari, gidoigile eta ekoizleak Ohorezko Feroz saria jasoko du, 40 urteko ibilbidearen omenez.