Polemika piztu duen lana
Sitgeseko zuzendaria auzipetu dute 'A Serbian film' filma emateagatik
Erredakzioa
Haur pornografia erakusteagatik auzipetu dute Ángel Sala, Sitgeseko zinemaldiko zuzendaria. Donostian ere proiektatu behar zuten lana, baina emanaldia bertan behera utzi zuten.
Ángel Sala Sitgeseko zinemaldiko zuzendaria haur pornografia erakusteagatik auzipetu dute. Vilanova i la Geltruko (Bartzelona) epaitegi baten auzipetu du, adingabekoekin sexu harremanak erakusten dituen A Serbian film lanaren proiekzioa baimentzeagatik.
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, joan den astean Kataluniako Fiskaltzak jarritako salaketa dela-eta ireki du ikerketa Vilanova epaileak, sexu eszenetan adingabeak erabiltzea egotzita.
Salaketa Zigor Kodearen 189.7 artikuluan oinarritzen da. Artikulu horren arabera, hiru hilabete eta urte bete arteko kartzela-zigorra edo isuna ezartzen die errudunei Kodeak. "Adingabeak edo ezgai diren pertsonak filmaketan erabiltzen ez badira ere, hauen ahotsa edo irudia aldatuta ageri dela material pornografikoa sortzen, saltzen, erakusten edo banatzen dituzten" auzipetuak zigortzen ditu Justiziak.
Srdjan Spasojevic zinemagileak zuzendutako A Serbian film lana joan den urrian proiektatu zen Sitgeseko Zinemaldian. Ángel Salak berak orduan esan zuenez, muturreko filma da, eta ez omen zuen gehiagotan zinema pantailan ikusi behar.
Hilabete geroago iritsi zen filma Donostiara, Fantasiazko Zinemaren Astera, baina emanaldia bertan behera geratu zen. Filma proiektatu ez bazuten ere, Publikoaren Saria eskuratu zuen.
Salari babesa
Estatuko zinema jaialdi ezberdinetako hamar bat zuzendarik Salari babesa emateko manifestua sinatu dute. Bertan penatuta agertu dira erantzukizuna programatzaileari egotzi diotela ikusita, eta ez ''''eduki horien arduradun teorikoei: zuzendariari eta produktoreari, alegia''''.
Hauek dira manifestua sinatu dutenak:
Javier Angulo (Valladolideko zinemaldia), Josetxo Cerdán (Iruñeko Punto de Vista jaialdia), José Luis Cienfuegos (Gijoneko zinemaldia), Antonio Delgado (Documenta Madrid), Javier Martín Domínguez (Sevillako Europar zinemaldia) José Luis Rebordinos (Donostiako Zinemaldia), Carmelo Romero (Espaniar zinemaren Malagako jaialdia), José Sánchez Montes (Granadako zinemaldia), Eduardo Trías (Iberoamerikar zinemaren Huelvako jaialdia) eta Claudio Utrera (Las Palmaseko zinemaldia).
Era berean, gogoratu egin dute A serbian film lana Brusela, Montreal, London, Oporto, Austin, San Frantzisko, Toronto, Sofia, Hanburgo, Helsinki eta Stockholm hirietan ikusi izan dela, eta Canneseko eta Santa Monicako zinemaldi entzutetsuetan ere proiektatu dutela, ''''inongo salaketarik jaso gabe''''.