Itxi

Estreinaldiak

'Mugaldekoak' eta 'El Mundo de Barney', zinema pantailetan

Erredakzioa

Gainera, 'El Rito' Anthony Hopkins protagonista duen lana eta 'Gnomeo y Julieta' Elton Johnek sortutako soinu banda duen pelikula ere badaude estreinaldien artean.

El Mundo según Barney eta El rito ditugu estreinaldi nagusiak, aste honetan, zinema-aretoetan. Paul Giamatti eta Anthony Hopkins protagonista dituzten izen handiko bi pelikula hauekin batera, Mugaldekoak filma ere aurkituko dugu proposamen berrien artean. Zehazki, Donostian, Bilbon, Gasteizen. Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko da EITBko telesailaren zinemarako moldaketa.

Bigarren Mundu Gerrara egingo du bidaia Mugaldekoak pelikulan, Comète sare ezezagunaren istorioa ezagutzeko. Iparraldeko, Nafarroako eta Gipuzkoako mugen arteko herri txiki batean jazotako benetako istorio batean oinarritzen da filma.

Inguru horretako familia batek Alemaniako mugan eroritako hegazkin pilotuak hartuko ditu etxean, eta pilotu horiek berriz Ingalaterrara eramatea helburu duen ezkutuko sare misteriotsu batean murgilduko dira. Helburua lortzeko, Pirinioak zeharkatu beharko dituzte, beren bizitzaren norabidea goitik behera aldatuz.

El mundo según Barney lana Richard J. Lewis zinemagileak zuzendu du. La versión de Barney Mordecai Richler egilearen eleberri sarituan oinarritzen da, eta 2010eko Donostiako Zinemaldian Publikoaren saria eskuratu zuen. Paul Giamattik, gainera, aktore onenaren Urrezko Globoa lortu zuen film honetan protagonista gisa egindako lanagatik. Dustin Hoffmanek eta Rosamund Pikek osatzen dute aktore taldea.

Mikael Hafström dugu El Rito thriller-aren zuzendaria. Benetako gertakarietan oinarritutako lana da, eta Colin O''Donoghue hasiberriarekin batera Anthony Hopkins beteranoa ere aurkituko dugu bertan.

William Shakespeare handiaren Romeo eta Julieta lana animazio mundura eraman du Walt Disney etxeak. Gnomeo y Julieta izena jarri diote istorio ezagunaren moldaketa berri honi, eta Elton Johnen eskutik datorkigu musika. Kelly Asbury (Shrek 2) aritu da zuzendari lanetan.

Manuel Martín Cuenca (La flaqueza del bolchevique) Almeriako zinemagileak zuzendu du La mitad de Oscar pelikula, eta Rodrigo Sáenz de Heredia, Verónica Echegui eta Antonio de la Torre deitu ditu lan berri honetarako.

Raúl Ruiz Frantzian bizi den txiletarrak Lisboako Misterioak lana ekarri zuen joan den urtean Donostiako Zinemaldira, eta zuzendari onenaren saria eskuratu zuen orduan. Ez da goraipamen bakarra izan, ordea: urteko film onenaren Louis Delluc saria ere eman diote Lisboako Misterioak lanari.



Albisteak (1)

Bideoak (1)