Itxi

Filmatzea

Woody Allen Donostian 7 astez filmatzeko asmoz, uztailaren 10ean hasita

eitb.eus

Leer en Castellano

Ekoiztetxea San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-eko arduradunekin bildu da, eta Udalak esan die hiria dituzten eskakizun guztiak betetzeko gai dela.

Kontxako hondartza eta Haizearen Orrazia bisitatu dituzte, besteak beste

Mediapro-k, Woody Allenen pelikula berria ekoitziko duen enpresak, interesa agertu du uztailaren 10ean hasita Donostian zazpi astez filmatzeko, eta hainbat baldintza jarri ditu, hala nola kostalde eta hondartzara sarbidea izatea.

Mediaproren bi ordezkari San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-eko arduradunekin bildu dira, eta, Ernesto Gasco lehen alkateordeak azaldu duenez, Donostian filmatzeko dituzten beharrizan eta baldintza azaldu dizkiete solasaldian.

Halaber, interesa agertu dute baimenak kudeatzeko moduari eta Donostiak bertan ostatu hartzeko eskaintzen dituen aukerei buruz, 50 laguneko lantaldea ekarriko baitute. Nolanahi, Udalaren oharrak dioenez, bertako enpresak ere kontratatuko lituzkete filmatze lanetan laguntzeko.

Lokalizazioak bilatzeko egin dituen lehen bisitetan, Woody Allenen hurrengo filmaren lantaldeak “hiriko hainbat toki esanguratsu ikuskatu ditu, besteak beste Kontxako hondartza, Haizearen Orrazia eta Alde Zaharra”, “filmaren agertoki izan litezkeen tokiak”, nahiz eta oraindik ez duten erabaki zeintzuk agertuko diren gidoian.

Gascok esan duenez, Film Commissionek Mediaproko kideei bermatu die hiriak ez duela arazorik eskakizun guztiak betetzeko, eta eskaintza osa dezaketen hainbat zerbitzu gehiago ere badituela.

Gascoren esanetan, bilera “oso ondo joan da” eta espero du ekoiztetxeak azkenean Donostia aukeratzea, maila horretako filmatze bat hartzeak “mesede egiten baitio Donostia markari eta hiria nazioartekotzeko helburuari”.

“Zerga araudi berria”

Denis Itxaso sozialistak, Kultura diputatuak, gogora ekarri du zerga araudi berri bat dagoela, eta horrek abantailak eskaintzen dizkiela Gipuzkoan filmatzen diren pelikulei, filmatze lanak lurraldera erakartzeko estrategi baten barruan.

Albisteak (2)