Apirilaren 4tik 7ra bitartean
Ikus-entzunezko azken euskal lanak, Cannesera bidaian
Erredakzioa
Basque Audiovisualek euskal industriaren azken ekoizpenak eramango ditu aurten ere MIPTV azokara. Ikus-entzunezko edukien eta eduki digitalen nazioarteko azoketan munduko garrantzitsuenetakoa da.
Basque Audiovisual Canneseko MIPTV azokan egongo da aurten ere, eta ikus-entzunezkoen euskal industriaren azken ekoizpenak eramango ditu bertara.
Apirilaren 4tik 7ra egingo da azoka, eta euskal ikus-entzunezkoen nazioarteko markak bosgarren aldiz parte hartuko du ekitaldi honetan, bere erakustokia jarrita. Bertan, euskal produktuak munduko banatzaile nagusiei ezagutarazteko aukera izango dute, baita sektoreko azken joerak ezagutzeko parada ere.
Ikus-entzunezko edukien eta eduki digitalen munduko azoka garrantzitsuenetako bat da MIPTV, eta, Basque Audiovisual markarekin, honako euskal enpresa hauek izango dira bertan: EITB, 3Koma, Bainet, Expressive, Mediabask, Moztu Filmak, My Jok, Orio Produkzioak eta Pausoka. Era berean, Eriz Zapirain errealizadorea, Vitoria-Gasteiz Film Office erakundeko arduradunak, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta Itziar Mena Eiken klusterreko zuzendaria ere bertan izango dira.
Azokan bertan egongo diren enpresez gain, Basque Audiovisualen standak 41 euskal enpresari buruzko informazio zuzena eskainiko du, horretarako egindako nazioarteko katalogoaren bidez.
2011ko MIPTV azokak 107 herrialdetako 11.500 parte-hartzaile biltzea du xede: 1.500 erakusle eta balizko 4.000 erosle erregistratu dira. Era berean, azokak iraungo duen 4 egunean, 45 hitzaldi eta lantegi egingo dira, eta munduko ikus-entzunezko industriaren arduradun nagusiek parte hartuko dute.
Besteak beste, Hans Vestberg Ericsson enpresako zuzendari nagusia, Christian Hernández-Gallardo Facebook enpresako nazioarteko negozioen arduraduna, Claire Tavernier FremantleMedia enpresako lehendakari exekutiboa eta Luke Bradley-Jones bbc.com eta iPlayer zerbitzuetako zuzendari nagusia izango dira bertan.