Itxi

Martxoak 24 - apirilak 3

Hamaika urte beteko ditu 'Ventana Vasca' Nanteseko Zinemaldiko zikloak

Erredakzioa

Euskal zinemari buruzko ekimena sei film luzek eta Kimuak 2010 katalogoa osatzen duten bederatzi film laburrek osatuko dute.

Nanteseko Zinemaldiak 21 urte beteko ditu aurten. Martxoaren 24tik apirilaren 3a bitartean egingo dute eta beste behingoz ''La Ventana Vasca'' zikloa egingo dute bertan. Aurten, hamaikagarrenez egingo dute euskal zinemari eskainitako ziklo hau.

Balada triste de trompeta (Álex de la Iglesia) eta No controles (Borja Cobeaga) filmak Julio Verne sail ofizialean lehiatuko dira. 80 egunean filmak (José María Goenaga eta Jon Garaño) Borau Fundazioa sailean parte hartuko du, eta Debekatuta dago oroitzea (Txaber Larreategi eta Josu Martínez), berriz, dokumentalei eskainitako sailean.

Gainera, 2010eko Kimuak katalogoko bederatzi film laburrak eskainiko dituzte. Horietako bost, Ámár (Isabel Reguera), Artalde (Asier Altuna), Daisy cutter (Enrique García eta Rubén Salazar), La gran carrera (Kote Camacho) eta El premio (Elías León Siminian), Erasmus saria irabazteko lehian egongo dira, Nantesko Opera sailaren baitan.

La Plaza de la Música (Juan Miguel Gutiérrez) eta El mal ajeno (Oskar Santos) filmak ere erakutsiko dituzte Nantesen. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendari ohia, Mikel Olaziregui, epaimahaiko lehendakaria izango da eta Pascal Gaigne epaimahaikide. Imanol Uribek, bestalde, Ciudadano Negrin aurkeztuko du.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Filmategiak eta Donostiako Udalak laguntzen duten ekimena da ''La Ventana Vasca'' zikloa.