Apirilak 8
'Hermano' lanak irekiko du Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldia
Erredakzioa
Film luzeen eta film laburren emanaldiekin batera, erakusketak eta hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiaren programan.
Hermano (2010) Marcel Rasquin zinemagilaren pelikulak irekiko du aurten Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldia, apirilaren 8an. Huelvako Zinemaldi Iberoamerikarraren aurreko edizioan Film Luze Onenaren Urrezko Colon saria eskuratu zuen lanak, eta haur zein gazteen eskubideen aldeko aldarrikapena egiten du.
Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian izango da hitzordua. Zortzi egunetan, 40 film ikusteko aukera izango dugu bertan (film laburrak eta film luzeak barne). Lehiaketan arituko diren lanek zinemaldiko hiru sarietako bat eskuratzeko aukera izango dute: Publikoaren saria (film luze onena), Epaimahaiaren saria (film labur onena) eta Film Luze Onenaren Amnistia Internazionala saria.
Urtero bezala, zinemaz gain, egongo da zer ikusi eta zer entzun Donostian: bost erakusketa, eta dantza, antzerki eta musika emanaldiak antolatu dituzte Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko programan.
Sail Ofiziala
Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko antolakuntzak aurten lehiaketan parte hartuko duten bederatzi lanen izena aurreratu du. Jakitera eman dituzten filmeetatik lau Donostian egingo dute Estatu mailako estreinaldia: Benda Bilili! (Renaud Barret eta Florent de La Tullaye / Frantzia); Cleveland vs. Wall Street (Jean-Stéphane Bron / Frantzia-Suitza); Liberté (Tony Gatlif / Frantzia) eta Videocracy (Erik Gandini / Suedia, Danimarka, Erresuma Batua eta Finlandia).
Hauek dira aurreratu dituzten beste bost izenburuak: Armadillo (Janus Metz / Danimarka); Cirkus Columbia (Danis Tanovic / Frantzia Bosnia/Herzegovina-Erresuma Batua-Alemania-Eslovenia-Belgika); Nostalgia de la luz (Patricio Guzmán /&' || 'nbsp;Frantzia-Alemania-Txile) eta Post mortem (Pablo Larraín / Txile-Mexiko-Alemania).
Gehiegikeriak, urritasunak, bizikidetza, krisia, memoria historikoa, ijitoen aurkako errepresioa eta deskolonizazioa dira aurten Sail Ofizialean lehian arituko diren hainbat lanetako gaiak.