Iruñea
'Line Walker 2' txinatar pelikulako lantaldeak Iruñean filmatuko du martxoaren 17an
Agentziak | Erredakzioa
Hiriaren erdiguneko hainbat kale itxiko dituzte, eta ekoiztetxeak 900 pertsona kontratatuko ditu.
‘Line Walker 2’ akziozko txinatar pelikulako lantaldeak Iruñeko hirigunean filmatuko du igandean, martxoak 17. Aurreikusitakoaren arabera, entzierro bat filmatuko dute, eta, zezenak eta korrikalariak ez ezik, autoak eta akziozko eszenak izango dira protagonistak bertan.
400 pertsonak osatzen dute pelikulako lantalde tekniko eta artistikoa, eta ekoiztetxeak bertoko 900 bat pertsona kontratatu dituzte: korrikalariak, unaiak, espezialistak, estrak, ekoizpeneko edo lokalizazioetarako laguntzaileak eta hainbat ataletako (jantzitegia, makillajea, zaintza…) bestelako langileak.
Santo Domingoko aldapa, Merkatuko kalea, Estafeta kalea, Xabier kalea, Udaletxeko plaza eta Mercaderes kalea hartzen dituen eremuan, txandaka pasaraziko dituzte ibilgailu eta oinezkoak egun osoan, Iruñeko Udalak, Navarrra Film Commisionek eta Babieka Films ekoiztetxeak ohar batean aurreratu dutenez.
‘Line Walker’ sagako lehen pelikula 2016koa da, eta Asian ekoitzitako filmen artean inoiz gehien diru bildu dutenetan hirugarrena da, 90 milioi euro bildu baititu guztira.
2018an hasi ziren Nafarroan filmatzen, sanferminetan. 2019ko martxoan Tafallan egon dira, sei egunez, eta hilaren 17an hiriburuan jarraituko dute.