Donostian
Kim Longinotto sarituko du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak
Erredakzioa
Egungo dokumentalgile garrantzitsuenetako bat da emakumezko britainiarra, eta 'Pink Saris' bere azken lana ekarriko du Donostiara. Guztira, 21 film luze eskainiko dituzte Sail Ofizialean.
Kim Longinotto emakumezko zuzendari britainiarrak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria. Bederatzigarren edizioa du aurten Gipuzkoako hiriburuko zinema jaialdiak, eta egungo dokumentalgile garrantzitsuenetako bat sarituko du. Besteak beste, Eat the kimono, Hidden faces, Divorce iranian style eta Sisters in law lanen egilea da Longinotto.
Apirilaren 9an jasoko du saria, Victoria Eugenia antzokian egingo duten ekitaldian. Gainera, Pink saris lan berria aurkeztuko du britainiarrak bertan. Sampat Pal, India iparraldeko emakumeen eskubideen alde lan egin izan duen emakumea, du hizpide film berri honetan.
Bezperan hasiko da Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldia, Hermano Macel Rasquin zuzendariaren lanarekin.
Apirilaren 15era arte, 21 film izango dira ikusgai Sail Ofizialean, asko oraindik Estatuan estreinatu ez direnak. 21 hauetatik 17 arituko dira lehian, Publikoaren saria eta Amnistia Internazionalaren saria eskuratzeko.
Biolentzia, erlijioaren boterea, Txetxeniako gatazka, transexualitatea, ijitoen jazarpena eta memoria historiakoa dira aurten ikusgai izango diren lanen gaietako batzuk.
Terrorismoaren biktimek leku berezia izango dute jaialdian, lau filmerekin: Armadillo (Janus Metz), The Oath (Laura Poitras), State of violence (Khalo Matabane) eta El viaje del director de recursos humanos (Eran Riklis).
Afrikak ere espazio nabarmena izango du programazioan, La mosquée (Daoud Aoulad-Syad), White material (Claire Denis) eta Huellas de cambio en la región árabe lanekin.
When we leave Feo Aladag zuzendari alemaniarraren lanak itxiko du aurtengo edizioa, apirilaren 15ean.