Martxoak 28 – apirilak 7
16 euskal film, Nantesen ikusgai
eitb.eus
Zortzi film luze eta zortzi film labur eskainiko dituzte Espainiako Zinemaren Nantesko Jaialdian.
Festival du Cinéma Espagnol Nantesko zinemaldiak 29. edizioa izango du aurten, eta martxoaren 28tik apirilaren 7ra euskal zinemaren erakusleiho garrantzitsu bilakatuko da Fenêtre Basque sailaren bitartez.
Zortzi film luze eta zortzi labur eskainiko dira aurten 19 urte betetzen dituen Fenêtre Basquen. Laburrei dagokienez, aurreko edizioetan bezala, Kimuak programaren azken bilduman jasotako lanak eskainiko dira Nantesen, eta baita Ya está (2019) Aizpea Goenaga zinemagilearen lana ere.
Koldo Almandozek Oreina (2018) film luzea aurkeztuko du jaialdian, eta film onenaren Julio Verne saria eskura dezake. Halaber, Fermin Muguruzaren Black Is Beltza (2018) lanak lehenbiziko fikzio luzearen saria lor dezake Nantesen, eta Josu Martinez zinegileak bigarren urtez edukiko du dokumental onenaren saria lortzeko aukera, Jainkoak ez dit barkatzen (2018) filmari esker. Azken sail horretan lehiatuko da Mudar la piel (2018) Anna Schultz eta Cristobal Fernandezen dokumentala ere.
Gainera, Fernando Bernués zuzendariak paperetik pantailara eraman duen Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2019) eleberriaren egokitzapena ere emango dute Nantesen, eta baita Telmo Esnalen Dantza (2018).
Amaitzeko, Lurralde hotzak (2018) Iratxe Fresnedaren lanak eta Un día más con vida (2018) Raul de la Fuente eta Damien Nenowren animaziozko film saridunek ere izango dute tartea jaialdian.
Filmez gain, hainbat euskal zinemagile eta aktore bertaratuko dira Nantesera egunotan: Eneko Sagardoyk Sail Ofizialeko epaimahaian hartuko du parte, eta Aizpea Goenaga Dokumentalen Saileko epaimahaikide izango da.
Azkenik, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak Javier Bardem aktoreari elkarrizketa bat egingo dio Nantesko operan, azken hori baita aurtengo edizioko artista omendua.