Zinema-aretoak
'Mundu hobe batean' zinema-aretoetan, Zinema Euskaraz programari esker
Erredakzioa
2011ko Atzerriko Film Onenaren Oscar sariaren irabazlea euskaraz eta gaztelaniaz izango da ikusgai Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzaturiko Zinema Euskaraz programak bertoko zinema-aretoetan estreinatzen diren pelikulak euskaraz proiektatzen jarraitzen du. Mundu hobe batean (En un mundo mejor gaztelaniazko bertsioan) pelikularen txanda da gaur.
Filma Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango da ikusgai apirilaren 7ra arte, Bilboko Golem Alhondiga zinemetan, Donostiako Trueban eta Gasteizko Floridan.
Danimarkako jatorrizko filmak Atzerriko Film Onenaren Oscar saria irabazi du aurtengo edizioan, baita kategoria berdinaren Urrezko Globoa ere.
Sinopsia
Anton medikua da. Bere denbora Danimarkako herrixka atsegin baten eta Afrikako errefuxiatu-eremu baten artean banatzen du. Oso mundu desberdinak dira biak eta bertan jartzen zaie berari eta bere familiari mendekuaren eta barkamenaren artean aukeratu beharra.
Semez zaharrenak, Eliasek, eskolakide baten jazarpena sufritzen du. Baina egun batean beste eskolakide batek, Christianek, defendatu egingo du. Denbora gutxian Elias eta Christian lagun minak bihurtzen dira. Christianek mendeku arriskutsu batean nahasiko du Christian. Ekintza honek zoritxarreko ondorioak sor ditzake. Izan ere, bi mutilen arteko adiskidetasuna arriskuan jartzeaz gain, zenbait lagun bizitza galtzeko arriskuan egongo dira.