Donostia
‘¡Nae pasarán!’ nagusi, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian
Agentziak | Erredakzioa
1974an Txilen Moneda jauregia bonbardatzeko erabili zituzten hegazkinak konpontzeari uko egin zioten Rolls-Royceko langileen istorioa du kontagai Felipe Bustos Sierraren filmak.
"¡Nae pasarán!" Felipe Bustos belgikar-txiletar zuzendariaren lanak, Augusto Pinocheten estatu kolpea babestu zuten hegazkinak konpontzeari uko egin zioten Rolls-Royce etxeko langileen istorioa kontatzen duen filmak, irabazi du Publikoaren saria Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren 17. edizioan.
“Editatze lan abil baten bidez eraikitako kontakizun zirraragarri eta egiati honek agerian uzten du txikiak diruditen ekintzek eragin handia izan dezaketela besteren bizitzetan”, esan du Josemi Beltran Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak jaialdiaren palmaresa aurkezteko orduan.
Amnistia Internazionala saria “Teret” (The load) Ognjen Glavonicen filmarentzat izan da, epaimahaiak aho batez hala erabakita. Balkanetako gerran girotuta dago filma, eta “kontzientzia indibidualerako” deia da.
Epaimahai gazteak “Skin” Guy Nattiv Israelen jaio eta AEBetan bizi den zuzendariaren lanari eman dio film labur onenaren saria. Fikziozko film labur onenaren Oscar saria jaso zuen bi supremazista zuriren eta biolentziaren, mendekuaren eta xenofobiaren kulturaren inguruko filmak.
Jaialdiaren aurtengo edizioa bukatutzat eman aurretik, “When I saw you” Annemarie Jacir palestinar zinemagilearen filma proiektatuko dute, eta Jacirrek Giza Eskubideen Zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du.