Maiatzak 2-10
18 film luze lehiatuko dira Fant zinemaldian, maiatzaren 11ra arte
Agentziak | Erredakzioa
Beldurrezko eta fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiaren inaugurazio ekitaldia maiatzaren 3an egingo dute, Campos Eliseos antzokian. Lehenago, ostegunean, emanaldiak eta musika izango dira.
Hamazortzi film luze lehiatuko dira Fant fantasiazko eta beldurrezko zinemaren Bilboko jaialdian, horietako bat munduan aurretik inoiz proiektatu gabea (“The Chain”, David Martin Porrasena), beste bat Europa mailako estreinaldia izango dena (“You might be the killer”, Brett Simmonsena) eta zazpi Estatu mailan aurretik erakutsi gabeak.
Jaialdia maiatzaren 3tik 10era egingo dute, eta inaugurazio galan “Artic” Joe Penna brasildar zinemagilearen pelikula emango dute. Lehenago, baina, ostegunean ere, maiatzak 2, egongo da zer ikusi. "In-natural" filma emango dute BBK Aretoan, 18:00etan, eta 21:30ean Moonshine Wagon taldearen kontzertua egongo da, Kafe Antzokian.
Ostiralean, maiatzak 3, Fred Dekker zuzendaria (“Night of the creeps”, “The monster squad”) egongo da, aurten Fanten ohorezko sarietako bat jasoko baitu. Ohorezko beste saria, bestalde, Juan Antonio Bayonak (“El orfanato”, “Lo imposible”) hartuko du, itxiera galan.
Jaialdiaren barruan, film laburrek ere tokia izango dute. Hogei lan izango dira hautagai publikoaren sarirako, film labur onenaren sarirako eta euskal film labur onenaren sarirako.
Fantek, gainera, Fantrobia saria ere banatuko du, generoaren barruan nabarmendu den artista batentzat. Aurten, Guillermo de Oliveira galiziar zinemagile eta gidoigilearentzat izango da, “Desenterrando Sad Hill” lanagatik.