Aurkezpena
FANT jaialdiak "gaizkia" aztertuko du
Erredakzioa
Bilboko zinemaldiak 28 film luze eskainiko ditu, tartean, Paul Naschyri eskainitako atzerabegirakoa.
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioa maiatzaren 2tik 8ra bitartean izango da eta "gaizkia" izango du aztergai. Hainbat klasiko aztertuko dituzte, "Fausto" eta "El exorcista" adibidez, edo "Encontré al diablo" eta "Muerte negra" berriak, kasu.
Horrela jakinarazi du Octavio Gonzalez jaialdiko edukien arduradunak. Wilhelm Murnau edo Tod Browning generoaren maisuak, Paul Naschy, William Friedkin eta George Romero klasiko berriak, Vincenzo Natali eta Zhang Yimou zinemagile garaikideak izango dira aurtengo edizioan. Fantrobia saria Oscar Santosentzat izango da.
Bilboko jaialdiak 28 film luze eskainiko ditu guztira, horietatik lau, Paul Naschy zuzendari, aktore eta gidoigileari eskainitako atzerabegirakoan.
Aurtengo Sail Ofizialak beste jaialditan saritutako sei lan izango ditu eta baita Quentin Dupleux frantziarraren “Rubber” berritzailea ere.
Itxiera ekitaldian estreinaldi bat izango da, Christopher Smithen "Black Death", Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaldian saritu ostean.