Inaugurazioa, Woody Allenekin
Carla Bruni ez da egongo Canneseko zinemaldian
Erredakzioa
Woody Allenen 'Midnight in Paris' filmak irekiko du aurtengo edizioa. Brunik pelikulan parte hartu du, baina, ez da jaialdiaren inaugurazioan izango asteazken honetan.
Carla Bruni ez da egongo Canneseko zinemaldiko 64. edizioan. Maiatzaren 11tik 22ra bitartean egingo dute, eta Woody Allenen Midnight in Paris filmak irekiko du aurtengo edizioa.
Brunik Estatu Batuetako zuzendariaren azken pelikulan hartu du parte (museo bateko gidaria antzeztu du), baina azkenean, Nicolas Sarkozyren emaztea ez da egongo lan hori aurkezteko ekitaldian. ''''Bertan egoteko ametsa nuen, eta benetan sentitzen dut, baina arrazoi pertsonal eta profesionalak direla eta, ezin dut'''', esan du. ''''Woody Allenekin egon nahi nuen berriz, nahiz eta pelikulan nire papera oso txikia izan'''', gaineratu du.
Komedia erromantikoa da AEBetako zinema zuzendariaren azken lana. Iaz filmatu zuten, Parisen, eta Owen Wilson, Rachel McAdams, Marion Cotillard, Kathy Bates, Adrien Brody, Gad Elmaleh eta Léa Seydoux aktoreek parte hartu dute bertan. Ostiral honetan estreinatuko da geurean Midnight in Paris.
Bernardo Bertoluccirentzat, Ohorezko Urrezko Palma
Bernardo Bertolucci zuzendari italiarrak jasoko du aurten Canneseko zinemaldiko Ohorezko Urrezko Palma. Asteazken honetan emango diote, inaugurazio ekitaldian. Besteak beste, Prima della Revoluzione (1964), Novecento (1976), Il Conformiste (1970) eta El Ultimo Emperador (1987) fimakl egin ditu Bertoluccik.
Almodovar, Urrezko Palma lortzeko lehian
Pedro Almodovar Canneseko zinemaldian lehiatuko da Urrezko Palma eskuratzeko, La piel que habito bere lan berriarekin. Aurten lehian arituko diren 19 lanetako bat da zuzendari espainiarrarena, eta zinemagile beterano zein gazteak izango ditu aurrean. Besteak beste, Lars von Trier, Nanni Moretti eta Aki Kaurismäki zuzendarien azken lanak lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean: Von Trier daniarrak Melancholia aurkeztuko du, Morettik Habemus papam eta Kaurismäkik La Havre.
Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Almodovarren emakumezko aktore fetitxeetako bat, Penelope Cruz, La Croisetten izango da, Pirates of the caribbean: on stranger tides filma lehiaketatik kanpo aurkezteko.
Robert de Niro, epaimahaiko presidentea
Robert De Niro izango da Canneseko zinemaldiko 64. edizioan epaimahaiaren burua, eta honako hauek izango ditu epaimahaiko kide: Uma Thurman (aktorea, gidoilaria, ekoizlea; AEB), Jude Law (aktorea eta ekoizlea; Ingalaterra), Martina Gusman (aktorea eta ekoizlea; Argentina), Nansun Shi (ekoizlea; Hong Kong/ Txina), Linn Ullman (idazlea eta literatura kritikaria; Norvegia), Olivier Assayas (zuzendaria; Frantzia), Mahamat Saleh Haroun (zuzendaria; Txad) eta Johnnie To (zuzendaria eta ekoizlea; Hong Kong/Txina).