Itxi

'Melancholia' lana aurkeztu du

Lars von Trier zinemagilea, Cannesen: 'Hitler ulertzen dut'

Erredakzioa

Hitler begiko duela esan du zuzendariak bere azken lanaren aurkezpenean. ''Gauza okerrak egin zituela uste dut, eta ez da tipo jatorra; baina begiko dut'', esan du. Geroxeago barkamena eskatu du.

Asteazken honetan Melancholia pelikula aurkeztu du Lars von Trier zuzendariak Canneseko zinemaldian; baina, filmak barik, zuzendariak egindako adierazpen polemikoek hartu dute protagonismoa. Izan ere, Hitler begikoa duela esan du Lars von Trierrek pelikula aurkezteko prentsaurrekoan.

Filmaz hitz egiten ekin dio agerraldiari, eta lan ''''erromantikoa'''' dela esan du. ''''Ez du nirea ematen'''', gaineratu du. Bere ustez, gorroto dituen lan horien itxura du, eta, hurrengo lanerako zerbait muturrekoagoa egiteko nahia azaldu du. ''''Beharbada pornografia filmatzea''''. Canneseko zinemaldian berriz egoteaz pozik agertu da Lars von Trier: ''''Garai malenkoniatsu ugari izan ditut nire bizitzan, baina orain pozik nago hemen egoteaz'''', gaineratu du, agerraldiak goitik behera aldatuko zituen adierazpenak egin baino lehen.

''''Hitler ulertzen dut, nahiz eta, noski, gauza okerrak egin zituela argi izan. Esan nahi dudana da gizona ulertzen dudala. Ez da tipo jatorra, baina begiko dut neurri batean'''', erantzun du judaismorako hurbiltzeaz galdetuta. ''''Esan dezakedan gauza bakarra da judua nintzela uste izan nuela denbora luzez, eta pozik nengoela. Gero ulertu nuen ez nintzela. Judua izan nahi nuen, baina konturatu nintzen benetan nazia nintzela, nire familia alemaniarra zelako, eta hori ere gustuko nuen'''' hitzekin ekin dio azalpenari.

Bukaeran, adierazpenak leundu ditu: ''''Ez naiz Bigarren Mundu Gerraren aldekoa, eta ez nago juduen kontra'''', esan du.

Hala ere, polemika piztuta zegoen ordurako.

Barkamena eskatu du

Ordu batzuk geroxeago, barkamena eskatu du zinemagileak. ''''Prentsaurrekoan esandako hitzekin norbait mindu badut, barkamena eskatzen diot bihotz-bihotzez. Ez naiz antisemita, ez dut inongo arraza-aurreiritzirik, eta ez naiz nazia'''', esan du Von Trierrek, komunikatu batean. Jaialdiaren antolatzaileek bere adierazpenak azaltzeko eskatu diote. ''''Probokazio batek bultzatuta egin ditu adierazpen horiek, eta barkamena eskatu du'''', esan du antolakuntzak ohar batean. ''''Canneseko zinemaldiak ez du inoiz onartuko jaialdia horrelako adierazpenak egiteko erabiltzea''''.

Albisteak (3)

Bideoak (1)