Elkarrizketa
Aritz Moreno: 'Oso film askea da ‘Ventajas de viajar en tren’'
Natxo Velez | eitb.eus
Donostiar zuzendariak bere lehen film luzea estreinatuko du ostiralean, azaroak 8, Antonio Orejudo madrildar idazlearen eleberrian oinarrituta eta luxuzko antzeztalde batek babestuta.
Aritz Morenok (Donostia, 1980) berebiziko erronka jarri dio bere buruari, lau film labur egin ondoren, lehen film luzeari ekiteko: “Ventajas de viajar en tren” Antonio Orejudo madrildarrak 2000. urtean kaleratutako eleberri eragabea zinemaratzea.
Morenok, nolanahi, ez du amildegian behera bakarrik jauzi egin azaroaren 8an Hegoaldeko zinema aretoetara eramango duen bide honetan, ezpada mugako pelikula honetako pertsonaia bitxiak gorpuzten dituen antzeztalde oparo eta ospetsu batek inguratuta: Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belén Cuesta, Macarena Garcia, Javier Godino, Ramon Barea, Antonio de la Torre eta Ingrid García-Jonsson.
Morenorekin hitz egin dugu, eta gustura aurkitu dugu, sinesgarritasunaren gainetik (sinesgarritasuna gainbaloratuta dagoela esaten da istorioan) fikzioaren indarra suharki goratzen duen pelikula honetan, zeinak EiTBren parte-hartzea duen, egindako lanarekin.
Argazkia: David Herranz.
Nola egin zenuen topo Antonio Orejudoren eleberriarekin? Zergatik iruditu zitzaizun ideia ona zinemara eramatea?
Leire Apellanizekin (pelikulako ekoizlea) Señor y Señora gure ekoiztetxea ireki eta gutxira, berak liburua irakurri zuen, eta bulegora ekarri zidan. Irakurtzeko esan zidan, oso ondo zegoela, nahiz eta berak han ez zuen inongo pelikularik ikusten.
Irakurri nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan, nire liburu gogokoenetako bat da, baina, nolabait, nik bai ikusi nuen pelikula hor, oso pelikula berezia baina piloa gustatzen zitzaidana.
Genero nahasketak eta horren umore beltz bereziak erakarri gintuzten. Oso erronka motibagarria zen.
Eleberriko istorioa konplexua da, istorio mordoilotuak ditu eta egitura ia kaotikoa. Zer izan zen zailena gidoia idazteko orduan?
Gezurra badirudi ere, zailena ez zen izan istorioen katramila, hori eleberriak berak eman baitzigun. Hautaketa prozesua izan zen zailena, pelikulan zer sartuko genuen eta kanpoan zer utziko genuen aukeratzea. Lehen lanketa bat egin nuen, hogei edo hogeita hamar orritan, lan hori egiteko, eta gero Javier Gullon sartu zen proiektuan.
Zergatik aukeratu zenuten Gullon egokitzapenerako?
Ni ez naiz gidoigilea, eta Leireri esan genion norbait indartsua behar genuela lan horretarako. Zerrenda bat egin genuen, gure gidoigile gogokoenekin, eta, nolako proiektua zen pentsatuta, Gullon lehena zegoen bertan, “Enemy” filmean Saramagoren eleberri bat egokitzen egin zuen lanagatik, besteak beste.
Mailez jarri ginen berarekin harremanetan, eleberria bidali nion eta berehala eman zigun baiezkoa. Lan izugarria egin duela uste dut, oso egokitzapen fidela, batzuek hori ezinezkoa zela uste bazuten ere, eta egin behar izan ditugun aldaketak oso ondo integratuta daude.
Nola landu duzu proposamen bisuala horren pelikula zororako?
Proposamen bisuala edukiaren mailan egon behar zela iruditzen zitzaidan, muturrekoa izen behar zela, baina tonua, aldiz, ahalik eta neurritsuena izan behar zela uste nuen, gehiegi ez desfasatzeko.
Argazkia: David Herranz.
Gure asmoa zen ahalik eta errealismo handiena ematea, istorioa zoroa dela onartuta ere. Horregatik, apustu garrantzitsua dago, kameraren atzeko lan oso pertsonal eta indartsua, baina tonuari eta aktoreen lanari dagokienez kontrakoa landu dugu, neurritasuna.
Tonuaz ari garela, istorioak oso gai garrantzitsu eta pisuzkoak jorratzen ditu, hala nola erotasuna bera, tratu txarrak, umeen esplotazioa… Komedia horrelakoei heltzeko lurralde egokia iruditzen zaizu?
Bai, dudarik gabe. Komediatik, gai serioak jorra daitezke, eta, gainera, beroriekin urrunago heldu. Oso serio hartu ditugu gai horiek, komediatik, eta pelikulak salaketa kutsu handia dauka.
Pelikulak asko eskatzen dio ikusleari, bai formari bai ikusizko itxurari dagokienez. Zer harrera izan du filmak orain arte?
Egia esan, oso positiboak izan dira eta oso pozik gaude. Sitgesen, asko gustatu zitzaien, nahiz eta egia den publiko hori horrelako pelikulen aldekoa dela eta, ikusi dituztenak ikusita, gure filma gutxi irudi liezaiekeela.
Halere, aurrekoan, adibidez, Opera Prima Tuterako jaialdian proiektatu zuten, publiko erabat ezberdinaren aurrean: senar-emazteak zeuden, jende nagusia. Nik ikusmin handia nuen eta beldur nintzen, baina asko gustatu zitzaien, eta antolatzaileak ere harrituta geratu ziren.
Azkenean, “publiko guztientzako moduko” pelikula izango da…
Hain zuzen ere, Tuteran aurkeztu nuenean horixe esan nuen, pelikula berezi samarra zela… Baina gero ikaragarri gustatu zitzaien. Publikoa batzuetan umetu egiten dugula uste dut, eta ez da horrela, inolaz ere. Jendea horrelako pelikulak ikusteko prest dago, noski; eskertu egiten dituzte eta asko dibertitzen dira.
Argazkia: David Herranz.
Zure lehen film luzean aktore oso ospetsuak izan dituzu inguruan: Luis Tosar, Belen Cuesta, Quim Gutierrez, Pilar Castro… Nolakoa izan zen beraiekin filmatzea? Erraza izan zen horrelako pelikula berritzailean parte hartzeko konbentzitzea?
Uste dut zorte handia izan nuela beraiekin guztiekin, zeren, inguruko profesionalik onenak izateaz gain, oso eskuzabalak baitira, jende atsegina, eta lehen unetik erabateko konfiantza jarri zuten nigan, nik oraindik zergatia oso ondo ulertzen ez badut ere.
Asko lagundu zidaten pertsonaiak eraikitzeko orduan, eta ideiak ere eman zizkidaten hainbat sekuentziatarako, dena emanda.
Guztiek zekiten, gidoia irakurri zutenetik, zelako pelikula egin nahi genuen, eta aurrerapausoa eman zutenetik % 100ean aritu ziren.
“Ventajas de viajar en tren” fikzioaren gorazarrea da. Azkenaldian ikusi ditugun fikzioaren irakurketa okerren aurrean, zer deritzozu oraindik ere fikzioaren boterea aldarrikatu beharrari?
Nire ustez, ez da beharrezkoa pedagogia egitea, denok baitakigu zer den fikzioa eta zer ez den fikzioa. Eta argumentu hori erabiltzen duen jendeak ondo baino hobeto daki tranpa egiten ari dela, beste gauza batzuetarako erabiltzen dute.
Pelikula fikzioari buruzko jostailu bat da, pelikula bat dela ondo dakien pelikula bat, eta une oro ari zaizu hori aurpegira esaten. Baina, hala ere, ikusleak jolastu egiten dira, eta pelikulak harritu eta beldurtu egiten ditu.
Posterrean bertan jarri dugu: “sinesgarritasuna gainbaloratuta dago”.
Zer bide aurreikusten diozu eta opa diozu filmari?
Egia esan, pozik nago, oso kontent. Egin nahi genuen pelikula egin dugu, eta zaila zen. Oso pelikula askea da, eta zorte handia eduki dut horrela egin ahal izan dudalako.