Pelikulak, euskaraz
'Azken gaua' filma zinema-aretoetan, Zinema Euskaraz programari esker
Erredakzioa
Gainera, lau DVD berri jarriko dituzte salgai ekainean. Dagoeneko 45.000 ikustaldi izan dituzte kulturklik.net eta eitb.com webguneetan streaming bidez doan ikus daitezkeen 30 filmek.
Pelikulen estreinaldiak eskaintzen eta DVD berriak salgai jartzen jarraitzen du Zinema Euskaraz programak, herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu nahian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak martxan jarritako ekimenak.
Ostiralean, hilaren 24an, Azken Gaua (Last Night) filma estreinatuko dute Bilboko Multis, Donostiako Antiguo Berri eta Gasteizko Florida zinema-aretoetan. Massy Tadjedin zuzendari irandarraren filmak bikote arazoak, jeloskortasunak eta traizioa jorratzen ditu, eta Keyra Knightley eta Eva Mendes ditu protagonista.
Halaber, ekainean lau DVD berri izango dira salgai Elkar dendetan eta merkataritza-gune handietan. Horton eta Ice Age 3 filmekin batera, Percy Jackson eta Tximista-Lapurra eta A Taldea lanak salgai daude dagoeneko, 12,95 euroan. Gainera, hilabete honetan Marmaduke eta Gaua eta Eguna DVDak ere helduko dira dendetara.
Zinema euskaraz, Sarean (eta doan)
Zinema Euskaraz programaren barnean, 30 film ikus daitezke, streaming bidez, eta doan, kulturklik.net eta eitb.com webguneetan. Filmek arrakasta handia izaten jarraitzen dute. Pelikularik ikusienak 80 egunean (4.354 ikustaldi) eta Kutsidazu bidea, Ixabel (4.230) dira. Nire aitaren etxea (3.983), Ander (3.762), Zorion perfektua (3.282) eta Aupa Etxebeste! (3.050) pelikulek ere arrakasta handia izan dute.
Hilabete hauetan 45.000 ikustaldi baino gehiago egon dira aipatu bi bideetatik; Zinema Euskaraz programaren streaming-ak 300 ikusle izan ditu
egunero.